EUSKARAZKO HAUR ESKOLAK AUZO GUZTIETAN
Iruñeko Haur Eskoletan matrikulazioa egin berria da maiatzean, eta gogoeta egin daiteke euskarazko eskariaren bilakaeraz.
Azkeneko urteetan asko zabaldu da euskarazko eskaintza. Orain dela urte gutxi bi haur eskola bakarrik ziren euskaraz, eta biak Txantrean zeuden. Orain, haur eskola publikoa duten 12 auzoetatik seitan aukera daiteke euskara. Orotara, 16 haur eskola ditugu, 11 Iruñeko Udalarenak eta bost Nafarroako Gobernuarenak (auzo batzuetan haur eskola bat baino gehiago daude).
Euskara eskaintzen duten sei haur eskoletan izan diren eskaerak aztertuta, ondorioa da euskarazko adarrak erabat sendotuta daudela.
Euskarazko haur eskolak bete egin dira eskaintza dagoen auzo guztietan. Argi dago euskarazko matrikulak izan daitezen lehenik eskaintza izan behar dela.
Horrexegatik, auzo guztietan eskaini behar da euskarazko aukera. Oraindik Azpilagañan, Buztintxurin, Etxabakoitzen, Mendillorrin eta Zabalgunean falta da. Eta zer gertatuko da Lezkairuko haur eskola berrian? Hasteko, Lezkairuko haur eskola berrian eta D ereduko ikastetxeak ondoan dituzten Mendillorrin eta Buztintxurin jarri beharko litzateke euskaraz ikasteko aukera. Euskarazko haur eskolak nahi ditugu auzo guztietan.
2018-06-14.
ADMINISTRAZIOAN EUSKARAZ TALDEA.