ZEIN IZANEN DA EUSKARAREN BALIOA BURLATAN?
2018ko otsailaren 14an argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean Burlatako Euskararen Ordenantza berria.
Aurreko ordenantzaren aldean (1997-08-25eko NAO), baditu zenbait hobekuntza, baina desagertu egin da aurreko ordenantzako punturik indartsuena eta euskararentzat hoberena zena, hau da: Euskara nahitaezkoa ez denean, "Herritarrarekin harreman zuzena ez duten lanpostuetan euskararen balorazioa % 5 izanen da deialdiko puntu guztien gainean (lehiaketa gehi oposizioa). Aldiz, herritarrarekin harreman zuzena duten lanpostuetan euskararen balorazioa % 10 izanen da deialdiko puntu guztien gainean (lehiaketa gehi oposizioa)” (aurreko ordenantzako 15. art.).
Hori, esan bezala, desagertu egin da, eta orain, horrela dago araututa: “Euskararen ezagutza merezimenduzkoa izanen da, euskarara nahitaezkoa ez den plantilla organikoko plaza guztietan”. Baina zenbat baloratuko den ez du zehazten. Gehiago edo gutxiago baloratuko da? Aurreko ordenantzarekin, gutxien-gutxienez ere deialdi osoaren %5 baloratu behar zen, eta hala ez bazen Nafarroako Administrazio Auzitegian errekurtsoa jar zitekeen. Orain, %0,1 baloratuta ere (adibidez) ez da aukerarik izanen.
2018-04-11.
ADMINISTRAZIOAN EUSKARAZ TALDEA.