Atarrabiako Udalak Euskararen Ordenantza urardotu du.

Erabiltzailearen aurpegia adm.euskaraz.taldea 2017ko aza. 29a, 00:29

Euskararen Ordenantzaren gabeziak agertu dira orain. A, B eta C mailetan euskara ez da derrigorrezkoa lanpostu guztietan. Euskara meritu moduan puntuatzea ere ez (ezer ez baitu maila horietarako ezartzen).

ATARRABIAKO UDALAK EUSKARAREN ORDENANTZA URARDOTU DU

 

Atarrabiako Udalak Euskararen Ordenantza 2011ko urriaren 25etik dauka indarrean.

 

Zioen Azalpenean hauxe adierazita dauka: “Ordenantza honen helburu orokorra da Udalaren baliabideak lanean jartzea, gizarte elebiduna sustatzeko, Atarrabiako hiritarrei udal zerbitzuak euskaraz emango zaizkiela bermatuz, eta euskararen erabilera areagotzeko esparru sozialak sortuz edota sustatuz”.

 

Udaleko lanpostuen hizkuntz profila eta gradua ezartzeko irizpide orokor hauek ezarri zituen:

 

“a) Euren eginkizun nagusien artean herritarrekin harreman zuzena izatea duten plantilla organikoko lanpostuetan, maila edozein delarik ere, euskara jakitea derrigorrezkoa izanen da (B2 maila edo goragokoa).

 

b) Plantilla organikoko A mailako lanpostuetan C1 graduaren ezagutza baliokidea eskatuko da; B mailakoetan B2 graduarena, eta C mailakoetan, gutxienez, B1 graduaren ezagutza baliokidea.

 

c) Aurreko irizpideen arabera derrigorrezkotasuna ezarrita ez duten plantilla organikoko E eta D mailetako lanpostuetan euskara meritu gisa baloratuko da: oposizio-lehiaketa osoaren puntuazioaren %10 E mailako lanpostuetan eta %15 D mailakoetan. Lehiaketarik gabeko oposizioa hautatzen bada, euskara jakitea derrigorrezkoa izanen da (B1 maila edo goragokoa)”.

 

Arauak horiek izanik, 2017an lan deialdi batzuk iritsi ziren: Haur hezitzaileen zerrendak osatzeko eta zerbitzu anitzetako ofizial izateko oposizio-lehiaketa murriztua (biak C mailakoak).

 

Atarrabiako Udalaren interpretazioa (Nafarroako Administrazio Auzitegiak 2017ko irailaren 11n onetsia) hau izan da: Ez da beharrezkoa B1 graduko euskararen ezagutza (haur hezitzaileen euskarazko lerroko lanpostuak kenduta). Antza denez, benetan beharrezkotasun bakarra herritarrekin harreman zuzena duten lanpostuetan dago soilik.

 

Plantilla Organikoak zehazten du euskarazko lanpostuak zeintzuk diren eta hori da Ordenantzak agintzen omen dion zehaztasun bakarra.

 

Hasieratik saihets zitzakeen jarritako helegiteak, Ordenantza argiago jarri izan balu, baina lausotasun anbiguoa lehenetsi zuen euskararen aldeko aitzindari moduan agertzeko.

 

Euskararen Ordenantzaren gabeziak agertu dira orain. A, B eta C mailetan euskara ez da derrigorrezkoa lanpostu guztietan. Euskara meritu moduan puntuatzea ere ez (ezer ez baitu maila horietarako ezartzen). Desoreka handia dago, beraz, D eta E mailekiko (% 15 eta % 10eko gutxieneko balorazioa ezarrita dute). Beheko mailetan hori eta goiko mailetan ezer ez aurreikustea? Ez dirudi euskara sustatzeko irizpide soziolinguistikorik egokienak aukeratu dituztenik. Arraina burutik usteltzen omen da.

 

Atarrabiako Euskararen Ordenantza dagoeneko ez da eremu mistoko onena. Udal gehienetan (sartu berriak kontuan hartu gabe) euskara puntuatzea aurreikusita daukate, baita A, B eta C mailetan ere. Askotan, gutxieneko duina ezarrita, gainera.

 

Helegiteak irabazita, Atarrabiako Udalak lanpostu horietan euskara eskatu behar ez izatea lortu du. Denbora luzean euskaltzaleok liluratuta eduki gaitu, eremu mistoko Ordenantzarik onena zela sinetsita. Zorionak, Atarrabiako Udalari, ez da hori meritu makala!

 

2017-11-28.

 

ADMINISTRAZIOAN EUSKARAZ TALDEA.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!