Nafarroako Gobernuak herritarrei argitu beharko lieke PPren Gobernuak ez duela inolako asmorik ETB3rako lizentziarik emateko.
GOBERNUA: NAFARROAN ETB FALTA DUGU
Ana Ollo kontseilariak, joan den ostiralean, azken bi urte hauen balantzea egin zuen, eta hartan hau esan: Gobernu honi esker, "EITB berriz ere ikusten da Nafarroan, UPNren salaketa batek eragindako itzalaldiaren ondoren". Hori ez da egia osoa inondik inora ere. Nafarroako haur gehienak ETB3 gabe daude, hau da, euskarazko marrazki bizidunik gabe.
Zortzi urte daramatzagu horrela; gaur egun 40 urte dituztenek euskarazko marrazki bizidunak izan zituzten, eta gaur egungo haurrek ez. Atzerapauso erabatekoa da.
Nafarroako Gobernuak herritarrei argitu beharko lieke PPren Gobernuak ez duela inolako asmorik ETB3rako lizentziarik emateko. Gazteentzako euskarazko irrati publiko bakarra, Gaztea irratia, ere ez dago Nafarroa osoan aditzerik.
Espainiak Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Ituna sinatu zuen, zehazki PPko Josep Piqué ministroak, eta hartan hitzeman zuen bermatuko zuela gure hizkuntzan ematen diren telebista eta irratiak hartuko genituela. Baina, egiaz, egin duen bakarra da euskarazko telebista eta irratien kontra isunak jartzea eta mehatxu egitea.
Egoera honen aurrean, Nafarroako Gobernuari dei egiten diogu gai honi lehentasuna eman diezaion, eta aliantzak bila ditzan Valentziako erkidegoko Ximo Puigen gobernuarekin. Hark ere bigarren multiplex autonomikoa eskatzen dio PPko gobernuari, TV3 ikusi ahal izateko. Ea behingoan Nafarroako haur guztiek euskarazko marrazki bizidunak ikusteko aukerarik duten.