2017ko maiatzaren 16an, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko gobernu idazkariak horrela erantzun zion Nafarroako Administrazioetako Korrika Batzordeari, Justizia bere burua euskalduntzen hasteko egindako eskaria dela eta: Espainiako “botere legegilearen kontua da”. Ez omen dago arlo horretan ezer egiterik.
BOTERE JUDIZIALEAN EUSKARAREN OFIZIALTASUNA EZINEZKOA AL DA?
Espainiako Konstituzioak 3.2 artikuluan hauxe dio: Gaztelania ez diren “Espainiako beste hizkuntzak ere ofizialak izango dira haiei dagozkien Erkidego Autonomoetan berauen Estatutoei dagozkien eran”.
3.3. artikuluan hauxe gehitzen du: “Espainiako hizkuntza mota ezberdinen aberastasuna kultur ondare bat da eta hura babes eta begirunegarri izango da”.
Beraz, Espainiako Estatuan gaztelania ez diren beste hizkuntzen ofizialtasuna, euskararena kasu, Autonomia Estatutuetan zehaztu behar da. Estatutuek eta hura garatuko duten hizkuntzen legeek zehaztu behar dute ofizialtasunaren era.
Nafarroaren kasuan, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 9. artikuluan garatu zen konstituzio agindua. Geroago, 18/1986 Euskararen Foru Legearen bidez.
Hau da, Euskararen Foru Legean zehazten da zer nolako ofizialtasuna duen euskarak Nafarroan. Nafarroak ez du zertan uko egin hainbat esparrutan euskararen ofizialtasuna zehazteari. Nahi izanez gero, egin dezake, baina ez dago inolaz ere horretarako behartuta.
Botere Judizialaren Lege Organikoan, epaitegien munduan gaztelania ez diren hizkuntzen erabilera arautzen da. Espainiako Kongresuak arautu du. Konstituzio aginduak, ordea, Autonomia Estatutuei (eta beraz, hura garatzen duten hizkuntzen legeei) ematen die funtzio hori.
Botere Judiziala oso indartsua da eta gaztelaniaren gotorleku itxia. Botere autonomikoak uko egin dio esparru horri eta hizkuntzaren gaia ez du arautu (halaxe da Nafarroan). Ondorioak oso txarrak dira: Euskaldunon hizkuntza eskubideak ez dira behar bezala kontuan izaten botere judizialean eta euskararen erabilera ez da inolaz ere bermatzen. Zeharkako ondorioa ez da hobea: Euskararen inguruko arauak interpretatu behar dituztenak dira horiek, euren eremua gaztelaniaren gotorleku bihurtuta dutenak eta hori euskaldunoi ez zaigu dohainik ateratzen.
2017ko maiatzaren 16an, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko gobernu idazkariak horrela erantzun zion Nafarroako Administrazioetako Korrika Batzordeari, Justizia bere burua euskalduntzen hasteko egindako eskaria dela eta: Espainiako “botere legegilearen kontua da”. Ez omen dago arlo horretan ezer egiterik.
Bai, badago zer egiterik, eta Nafarroako Parlamentuak eskua sartu beharko luke mundu horretan. Nafarroako Gobernuak ere bai, Euskararen Legeak bere zehaztasun gabezian joko asko eman baitiezaioke, nahi badu. Politikarien ausardia behar da, Espainiako Estatuaren boterearen muinean sartzea bada ere.