Nafarroako Administrazio Publikoetan euskararen erabilera arautzeko Dekretu Proiektua, gabeziez beteta.

Erabiltzailearen aurpegia adm.euskaraz.taldea 2017ko ots. 28a, 20:56

Nafarroako Gobernuko zerbitzu zentraletan irudi eta komunikazioei dagokienez elebitasuna ezartzea, bai, aurrerapausoa da. Zuzenean ondorio juridikoak izanen dituen aurrerapausoa. Baina hainbeste gabezia duen Proiektu batean, ez ote da izanen beteko ez den aurreikuspen bakarra?

NAFARROAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOETAN EUSKARAREN ERABILERA ARAUTZEKO DEKRETU PROIEKTUA, GABEZIEZ BETETA

 

Nafarroako Administrazio Publikoetan euskararen erabilera arautzen duen 29/2003 Foru Dekretua aldatzeko Proiektua aurkeztu du Nafarroako Gobernuak. 2017ko martxoaren 7an amaituko da parte hartze prozesua. Aurrerapausoa ote da? Azter dezagun!

 

Euskararen Legea aplikagarria da Estatuko Administrazioan. Legea garatzen duen Dekretua, ordea, ez. Hori ez da aurrerapausoa.

 

Hirugarrenek ematen dituzten zerbitzuetan, langileei buruz ez du ezer ezartzen. Hori ez da aurrerapausoa.

 

Eremu euskaldunean elebitasuna ezartzen du, oro har. Baldintza soziolinguistikoek eta herritarren jarrerek hori baino gehiago ahalbidetzen dute. UEMAn dauden udalen jarduna baldintzatuko du, gaztelaniarantz lerraraziz. Hori ez da aurrerapausoa.

 

Baztango Udaleko Euskararen erabilera normalizatzeko Planak talka egiten zuen aurreko Dekretuarekin eta talka egiten du Dekretu honen Proiektuarekin. Alde horretatik, Proiektu hau ez da aurrerapausoa.

 

Eremu mistoan euskaraz hasitako espedienteetan erantzuna ele biz izatea aurreikusten du. Artikulu honek talka egiten du herrietako euskararen ordenantzekin, kasu horietan erantzuna euskaraz jasotzea aurreikusten baitute. Hori ez da aurrerapausoa; hori atzerapausoa da.

 

Euskara eskakizuna duten lanpostuak zehazteko urtebete aurreikusten da. Horrela 9 hilabete galtzen dira, 3 hilabeteetan egin daitekeelako. Susmo txarra pizten du horrek.

 

Euskaraz jakitea nahitaezkoa ez bada, meritua izanen da. Oposizio-lehiaketetan (hauetan azterketa egiten da eta merituak ere baloratzen dira) zenbat puntuatuko den zehazten da. Eta zer gertatzen da oposizioetan (hauetan azterketa bakarrik egiten da)? Oposizioetan euskara ez da puntuatuko. Orain arte, Nafarroako Gobernuek oposizioaren sistema erabili dute gehien-gehienetan. Beraz, gauzak ez dira diruditena. Eta euskararentzat zehazten diren portzentajeek (% 7-14 eremu mistoan eta % 11-23 eremu euskaldunean) oposizio lehiaketa osoarenak dira ala merituaren zatiari bakarrik dagozkion portzentajeak dira? Ez da zehazten; beraz, merituaren zatiari bakarrik dagozkionak izanen dira, eta benetako portzentajeak hauek izanen ditugu: % 2’1-4’2 eremu mistoan eta % 3’3-8’9 eremu euskaldunean (jakina, tarte horiek gutxieneko portzentajean aplikatuko lirateke, gehien-gehienetan). Eta aipatutako portzentajeak Nafarroako Foru Administraziorako dira soilik, ez toki entitateetarako. Honek guztiak ondorio bat du: Aurrerapauso txikia da.

 

Foru Dekretuaren Proiektu honen arabera, euskarazko lanpostuetan euskaraz ez dakiten langileak sar daitezke, euskarazko zerrendak agortzen direnean. Zerrenda horiek berriz osatzeko aurreikuspenik ez dago dagokion artikuluan. Hau ez da aurrerapausoa; hau atzerapausoa da.

 

Eremu “ez euskaldunean” aukerakoa uzten du elebitasuna ezartzea, euskaraz jakitea eskatzea edo meritu moduan puntuatzea. Praktikan gauzek orain arte bezala segi dezakete. Hala ere, ez arautzearen ondoriozko linbo juridiko hori ageriko aukera bihurtzea, bai, aurrerapausoa da. Aurrerapauso psikologikoa eta, ziur aski, ondorio praktikoak izanen dituena.

 

Nafarroako Gobernuko zerbitzu zentraletan irudi eta komunikazioei dagokienez elebitasuna ezartzea, bai, aurrerapausoa da. Zuzenean ondorio juridikoak izanen dituen aurrerapausoa. Baina hainbeste gabezia duen Proiektu batean, ez ote da izanen beteko ez den aurreikuspen bakarra?

           

 2017-02-28.

 

ADMINISTRAZIOAN EUSKARAZ TALDEA.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!