Barcinak hasitako ildoari Iruñeko EH Bilduk jarraitu dio: Hau da, ingelesa inolako beharrik gabe baloratzea. Barcinaren asmoa garbia zen: PAI bultzatzea, D ereduaren kaltetan. Zein da Iruñeko EH Bilduren asmoa? Gure taldearen ustez, EH Bilduk Iruñeko Udalean lan deialdietako euskararen eta beste hizkuntzen balorazioan iparra erabat galduta dauka.
EUSKARA BALORATZEN EZ DA AUSARTZEN IRUÑEKO EH BILDU, INGELESA BALORATU GABE, EZERTARAKO BALIO EZ BADU ERE LANEAN
Iruñeko Udalean, gainontzeko udaletan bezala, alkatearen eskumena da lan deialdiak onartzea (beti legeak, ordenantzak eta Plantilla Organikoa urratu gabe).
Beraz, EH Bildu da ardura hori daramana gaur egun.
Orain arte noraeza erakutsi du. Euskara baloratu gabe hasi zen lan deialdiak egiten, agian UPNren beldur.
Kritiken aurrean jarrera aldatu du, baina bide penagarri batean sartuta.
Ingurumen Hezkuntzako programetako koordinatzaileen, Mugikortasuneko koordinatzaileen, Mugikortasuneko laguntzaileen, Ingurumen Hezkuntzako maila ertaineko titulatuen, Berdintasun teknikarien, Gazteriako teknikarien eta Partaidetzako teknikarien zerrendak osatzeko deialdiak argitaratu ditu, orain dela egun batzuk.
Euskara jakitea puntuatzea erabaki du, Hizkuntzen atalean. % 10eko balioa eman dio. Baina bere burua zuritzeko, ingelesari ere balioa eman dio (% 8), atal berean. Beraz, euskararekin % 10 lor daiteke, ingelesarekin % 8 eta biekin % 10.
Ziur aski harro geratu da EH Bilduk zuzentzen duen Iruñeko Udala. Arazoa da ingelesaren balorazio hori erabat artifiziala dela. Ez da Iruñeko ohiko hizkuntza, ez da hizkuntza ofiziala eta ez da lan hizkuntza. Hau da, ingelesari balioa eman dio, lanpostuen beharrek inolaz ere eskatu gabe. Erabat lotsagarria da hori, baina euskara eta atzerriko hizkuntza hori parekatzeko temak mutur horretara eraman du.
Barcinak hasitako ildoari Iruñeko EH Bilduk jarraitu dio: Hau da, ingelesa inolako beharrik gabe baloratzea. Barcinaren asmoa garbia zen: PAI bultzatzea, D ereduaren kaltetan. Zein da Iruñeko EH Bilduren asmoa? Gure taldearen ustez, EH Bilduk Iruñeko Udalean lan deialdietako euskararen eta beste hizkuntzen balorazioan iparra erabat galduta dauka.
Hiru deialditan hizkuntzak baloratzen dira kanpoko zerrendarako, baina ez barne zerrendarako. Inkoherentzia erabatekoa!
Ingurumen Hezkuntzako programetako koordinatzaileen zerrendarako euskararen balorazioa eta ingelesarena % 10ekoa da. Hau da, Euskarararen Ordenantza urratzen du, euskararen balorazioa % 25 handiagoa izatea agintzen baitu. Hori desastrea erabat osatzeko!
Dena den, hizkuntzen baloraziora iristea ez du ematen oso gogoko duenik eta lehenengo frogan 15 lagun izan ezik gainontzeko guztiak kanporatzea aurreikusita dauka deialdi gehienetan; gainontzekoetan 25 edo 35 lagun besterik ez dira pasako.
Laburbilduz, benetan euskara erabakigarria izaterik ez du nahi. Zergatik ez zuen erran hauteskundeen aurretik?