Ea Nafarroako Gobernuak presio horri eusten dion! Politikoki itsusia dena (Parlamentuari bizkar ematea) onuragarria izan daiteke administrazio onari eta zuzentasunari begira, kasu honetan bezala.
NAFARROAKO PARLAMENTUA IRAKASLEEN LAN DEIALDIAREN AURKA
Nafarroako Parlamentuak 2015eko abenduaren 10ean honako mozio hau onartu zuen:
“Nafarroako Parlamentuak Hezkuntza Departamentua premiatzen du 2016rako aurreikusita dagoen irakasleen kidegoan sartzeko irakaskuntzako lan-eskaintza publikoko 320 plazak manten ditzan, eta hizkuntza-ereduen eta espezialitateen araberako ikaspostu-banaketarako bere proposamena alda dezan, beharrizanen, enplegu-egonkortasunaren eta funtzio publikoan sartzeko ekitatearen irizpideekin bat”.
Esaldi korapilatsu hori argitzeko Parlamentuko Eledunen Batzarrak 2015eko azaroaren 9an onartutako Adierazpen Instituzionala kontuan hartu beharra dago, aipatutako lan deialdia definitu zuenean: "Euskararen eta gaztelaniaren artean egiazko oreka" gordeko duena, "plazak hizkuntzen arabera" aterako dituena eta "epaimahaiak eta hizkuntzen eta espezialitateen arabera ezberdindutako kontratazio-zerrendak" izango dituena
Parlamentuko Eledunen Batzarrak irakasleen lan-eskaintza publikoaren deialdi-proposamena erretira zezala eskatu zuen. Mozio honen bidez, egin beharreko deialdia ezaugarritu du Parlamentuak. Irakasle elebidunen lan aukerak bidegabeki ixteko baliatu du, hauek zerrenda bakarrera mugatu nahi dituztelako, elebidunak ez balira bezala.
Zoritxarrez, Ezkerra eta Ahal Dugu alderdiak euskararen aurkako frontean ongi txertatu dira, UPN, PSN-PSOE eta PPrekin batera. Irakasle gaztelaniadun elebakarrak behar dituzte, D ereduaren balizko hedapenari galga jartzeko. PAIren garapenak eta beharrik gabeko deialdiak lagunduko diete horretan.
Maiatzeko hauteskundeetan lilura bizi izan genuen euskaltzaleok. Denborak bere lekuan jartzen ditu gauzak. Amestutako aldaketa ez da euskararen arlora iritsi.
Ea Nafarroako Gobernuak presio horri eusten dion! Politikoki itsusia dena (Parlamentuari bizkar ematea) onuragarria izan daiteke administrazio onari eta zuzentasunari begira, kasu honetan bezala.