Egun on:
Gaur 2024ko urriaren 7a da eta, 365 egun beranduago, Gazako herriak odolusten jarraitzen du.
Zoritxarreko urte honetan zehar hainbat gauza ikasi ditugu garaiotako gizon-emakumeok, nik hiru ikasgai aipatu nahi nituzke, bereziki hunkitu nautelako sasoi honetan:
Lehena: giza eskubideen nazioarteko etika erabat faltsua dela. Alegia, nazioarteko giza eskubideen defendatzaile gisa agertzen diren munduko Estatuek gezurra baizik ez diotela horrela mintzo direlarik, etika oro, moral oro, desagertzen baita interes politiko-ekonomikoak jokoan daudelarik.
Bigarrena: Israelek, eta haren gibelean ezkutatzen diren Estatu Batuek, mundua kontrolatzeko eta menperatzeko helburua dutela, eta prest daudela edonor suntsitzeko, haien aurrean gurutzatuz gero.
Hirugarrena: munduko Estatuen gobernuek ez diotela men egiten hiritarren bake gogo nagusiari inperioaren aginduak jokoan daudenean, eta panpin lotsagarriaren rola jokatzen dutela, edozein dela ere haien diskurtsua.
Pasa den larunbatean hamabi mila lagun atera ginen kalera Iruñean gerra honetaz protestatzeko. Nik, dagoeneko, ez dut ezer espero gure gobernariengandik, ez dute nahi, edo ezin dute ezer egin. Baina jendearen protesta dut itxaropen.