Egun on,
Honako hau beste aste bat gehiago balitz, gaurkoan larunbateko euskararen aldeko manifestazioaz mintzatuko nintzaizueke irrati prediku labur honetan, eta nire gogoa agertuko nizueke kalean aldarrikatzen duguna gure bitzetara eraman dezagun benetan.
Honako hau beste aste bat gehiago balitz, beharbada, Sanchezen inbestiduraz mintzatuko nintzaizueke, eta amnistiaren aldarriak eskuin muturrean piztu duen amorru faszistaz, eta euskaldunok ere sistema kolokan jartzen duten gaiak negoziatzen hasteko beharraz.
Honako hau beste aste bat gehiago balitz, agian, hasi den hotz sasoi honetan Iruñean aterperik gabe bizi den jendeaz mintzatuko nintzaizueke, eta haien miseria ikusita Eguberrietako argiak nork lehen eta nork gehiago paratzen duen lehiak sorrarazten didan nazkaz.
Baina honako hau ez da aste arrunt bat. Israelgo sionistek Gaza bonbardatzen duten bosgarren astea da, dagoeneko hamar mila lagun hil dutela, irteerarik ez duen sator-tranpa batean harrapaturik. Eta tragedia horren aurrean albiste guztiak geratzen zaizkit txiki, eta mundu deszibilizatu honek itsuarena nola egiten duen ikusteak sorrarazten didan hersturak beste gaien gaineko desinteresa eragiten dit. Barkatuko didazue, baina horrela sentitzen naiz gaur.