Iruñea estrategia-joko

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Lasa 2023ko urr. 30a, 15:38

Egun on:
 Nafarroako politika arraroa bada, Iruñeko Udalarenak logikaren eskema guztiak hausten ditu. Alkate eta udal gobernu berriak izendatu zituztenetik, oraindik sei hilabete iragan ez direla, osoko bilkurak hiru alorretako zinegotzi-delegatuak gaitzetsi ditu. Bide batez, azken adierazpenak entzunda, argi dago heldu den urteko aurrekontuak ez direla onartuko, eta udal gobernuaren proiektu inportanteenak, kostuagatik udalbatzaren onarpena eskatzen dutenak alegia, ez direla eginen. Gauzak horrela, legealdi geldo eta proiektu gabeko baten aurrean gaudela baiezta dezakegu.
 Kontua da, hau guztia ez dela kasualitatez gertatzen, baizik eta oposizioan dauden taldeetako batek inbestidura saioan ez zuelako nahi izan eskuinari alternatiba gisa aurkezten zen bigarren indarrari babesa ematea, nahiago izan zuelako gaur egun dagoen udal gobernuaren osaketa ahalbidetzea.  
 Logikaren ikuspegitik erridikulua da oso PSNko udal bozeramailea entzutea bere taldeak probokatu zuen Gobernuaren eginkizunak kritikatzen eta bere jarduna gaitzesten. Pentsatu dutea, hiritarrok ez dugula logikaren muturrak lotzeko adina adimen? Lerdoak garela, alegia?
 Benetan aitortzen dut nik ezin dudala Iruñeko egoera kafkiarra ulertu, eta uste dut buru piska bat duen oro ere egoera berean dagoela. Baina horrela bizitzen gara, batzuek politikagintza estrategia-joko bat baizik ez dela pentsatuaz, gizarte antolatu batean hiritarroi zerbitzu emateko jarduera nagusia beharrean. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!