Udalen Federazioak presidente berria

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Lasa 2023ko urr. 9a, 19:03

Xabier Alkuaz, Tafallako alkatea, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko lehendakari berri hautatu dute, gehiengo zabalaz: Zorionak!!
 Kargua hartu zueneko lehen adierazpenetan, Nafarroan eskualde berrien sortzea aipatu du helburu nagusi gisa. Ez da asmo makala. Gogoratu nahi nuke eskualdeak antolatzeko proposamena 2019an onartu zela Legebiltzarrean, Tokiko Maparen Legearen barrenean, Udalen Federazioak berak udalen artean bi urte luzeko parte-hartze prozesu baten ondorioz adostua. Funtsean, tokiko administrazioa indartzeko eta haren eskumenak zabaltzeko eta antolatzeko proposamen sendo bat da, eta foru zentralismoa du aurkari.  
Duela urte pasa, aipatu legearen zati inportante bat, finantzazioari zegokiona, bideratzen hasi zen, eta, une horretan eskuindarren protestak eta algarak handiak izan baziren ere, erreforma gauzatzen ari da arazo handirik gabe, udalak, ttipienak bereziki, dirua jasotzeko modu berriaren onurak nabaritzen ari direla.
Eskualdeak sortzeak, aldiz, ez du Alderdi Sozialistaren oniritzia. Gobernuko alderdiak, UPNk bezala, bere izaera zentralista ageri-agerian uzten du tokiko administrazioaren gaietan, eta aitzakien bila dabil behin eta berriz aurrerapen oro geldiarazteko. Ez da aurkari bakarra. Federazioaren establishment-ak ere, gaur egungo egituran eroso, ez du bat ere lagundu orain arte antolakuntza bultzatzeko ahaleginean. Beraz, zorte on presidente berriari, beharko du eta.     

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!