Urtarrila bukatu gabe honetan 10 emakume hil dituzte gizonek indarkeriaz espainiar estatuan, iaz 2 izan ziren hilabete berean.
Seguru nago azken urtean instituzio publikoek sekula baino kanpaina gehiago egin dituztela emakumeen kontrako indarkeriaz kontzientziatzeko. Sekula baino bilkura gehiago egin direla herrietako plazetan, udaletxe eta parlamentuen atarietan hilketa gorrotagarri horiek salatzeko. Lege berezi bat ere onetsi da baina, hala ere, ahalegin oro alferrikakoa dela ematen du. Eraso-kopurua jaitsi ordez gora doa etengabe, eta ez du ematen joera aldatuko denik epe laburrean behintzat.
Ni, gizona naizen aldetik, hiritarra eta gizakia naizen aldetik, lotsa baizik ezin dut sentitu horren aurrean. Eta gustatuko litzaidake zerbait eraginkorra egitea indarkeria horrekin bukatzeko, konbentzituta nagoelako matxismoa gure kulturatik kanpora daitekeela nahi izanez gero. Batez ere, gizonok nahi izanez gero. Gizonok baikara errotik aldatu behar dugunok, eta behingoz onartu orain arte nagusi izan den genero bereizketa ereduak ezin duela berean jarraitu aurrerantzean. Ez bagara gai gure etxeko jokaerak, gure lan, aisialdi, laguntasun, afektibotasun eta sexu jokaerak berrikusi eta aldatzeko gizarte miserableago bat eraikitzearen errudunak izanen gara. Gure burua berrezitzeko lana serio hartzea da bide bakarra. Matxismotik ere atera daitekeelako.