Ezkaba militarrei irabazi

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Lasa 2022ko abe. 19a, 13:04

Ezkaba mendia Iruñerriko naturgune zirraragarria dela argi dago, eta azken urteotan oinezko, mendizale, txirrindulari, korrikalari eta abarren eremu berezia bihurtu dela ere bai. Hala ere, urteak daramatza natur parke ofiziala izendatu gabe, eta, horren ondorioz ezin izan zaio kudeaketa komun eta ordenatu bat eman, erabilera anitzetik sortzen diren auziak konpondu eta aukera berriak proposatu ahal izateko.
Arazoa ez da instituzio publikoak, udalak alegia, ez daudela horretan ados, baizik eta Espainiako armada Aitzoainen eta Berriozarren dituen kuartela eta tiro eremuagatik onarpena emateko partea dela, eta ez du baimenik eman nahi aitzakia ugari atereaz, zein baino zein bitxiagoa. 
Hala ere, badirudi gurutze-bidea bukatu dela eta behingoz Udalaz Gaindiko Plan Sektoriala onartuko duela etzi Gobernuak asteroko Gobernu bileran. Ez omen da erraza izan armada makurraraztea eta, azkenean, erabaki politiko batek militarrak behartu dituela zabaldu da. 
Ezohikoa izanagatik berri ona da, zalantzarik gabe, ezin hobea Eguberriari hasiera eta urteari bukaera emateko. Aurrerantzean ez da erraza izanen, hala ere, Ezkabako plan berriari gorputza emateko ahalegina. Ongi etorri urte eta lan berriak. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!