Izena gogoratu nahi ez dudan Iruñerriko udalerri batean heldu den urteko Lehen Hezkuntzako matrikulazioak burutu berri dira. Iruñerriko udalerri horretaz landa, Nafarroa osoan ere egin dira matrikulazioak.
Udalerri horretan 150 haur hiru urteko zeuden izena emateko. Horietako 23k A eta G ereduetan, eman dute izena. 37k D ereduan, eta gainerakoek, ez dute izena eman eskola publikoan, pentsatzekoa da ikastetxe hitzartuetan egin dutela, beraz 70 ikasle inguru joanen dira eskola publikora eta 80 inguru kontzertatuetara. Ikastetxe horretan ez da sekula horrelakorik gertatu eta gauza bera gertatzen da Iruñerria osoan.
Datuoi begira nire gogoetak dio Iruñerrian gero eta “elitistagoak” garela, eta hezkuntza distantzia soziala markatzeko erabiltzen dugula. Maila sozial ertain batean gaudenok ez dugu nahi gure seme-alabak etorkinekin edo gutxiengo etnikoekin nahastu, eta hezkuntza publikoa getto bihurtzen ari gara erremediorik gabe.