Batzuetan geroko gertakariek aurrekoak ulertzeko gakoa ematen digute. Asteburu honetan estatu-kolpe baten saiakera ikusten ari gara Espainiako PP barrenean. Isabel Ayuso andereak eraso bortitz bat bota du Casado alderdiko Presidentearen kontra, eta atzo, bere jarraitzaileek Genovako egoitza inguratu zuten Casadoren burua eskaka.
Ur nahasiek harrapatuta, PPko presidenteak Ayusoren kontrako espedientea itxi behar izan du; ikusiko dugu zenbat irauten duen karguan.
Gertakari horren argira hobeki ulertu dezakegu Sayas eta Adanero diputatu bihurrien jokaldia UPNren barrenean. Azken barne hauteskundeak galdu ondoren, Sayasek badaki ez diotela aukerarik utziko kargurik eskuratzeko alderdiaren kontura, beraz, Adaneroren laguntzaz, Espartzari alderdiko presidente gisa legitimazioa kentzeko kanpaina hasi du.
Ez dakit zein izanen den hurrengo urratsa, baina argi dago eskuinaren barne borroka ez dela bukatu, ez Nafarroan, ez Madrilen, eta hurrengo hauteskundeetan, 2023koetan alegia, berrikuntza nabarmenak ikusiko ditugu boterea eskuratzeko leian.