Eguberri hauetan “Don’t look up!” (ez begiratu gora) filma ikusteko aukera izan dut. Oraindik ez baduzue egin, ikus dezazuela gomendatzen dizuet. Merezi du.
Filmak, Lurra suntsitzera datorren kometa baten aitzakia hartuta, gaur egungo botere-sistemaren biluzte gupidagabea egiten du. Besteak beste, barregarri uzten ditu komunikabide eta kazetari ipurgarbitzaileak, telefonia mugikorreko lider izugarri aberatsen eskrupulu falta, eta, nola ez, goi mailako agintarien saldukeria eta mendekotasuna. Baina, oroz gain, egiarekiko mesprezua eta gezurraren aurreko axolagabekeria erakusten du. Gordin eta krudel.
Sinetsi nahi dut irrati honetako entzuleok biziaren alde eginen genukeela hil ala biziko egoera suntsigarri baten aurrean, autogezurraren gainetik. Baina, mementuz, “Don’t look up!” ikus dezazuela gomendatzearekin konformatuko naiz. A! Barkatu. Dagoeneko egina nuen.