Hona hemen Nafarroako gehiengo sindikalak zabaldu duen oharra eta mobilizazioen zerrenda:
Hezkuntza kalitatea bermatzeko itunaren alde.
Nafarroako administraziopeko irakaskuntzaren etorkizuna bermatu eta hobetu nahi dugun guztiok garbi dugu legealdia amaitu baino lehen lan eskerga egiteko dagoela. Aldaketa garaian omen gaude eta UPNko Gobernuak ezarritako murrizketak gainditzeko derrigorrezko konpromisoak hartzeko galdegiten diogu egungo Exekutiboari. LAB, Steilas eta ELA sindikatuon aburuz bi dira une honetan landu, adostu eta betearazi beharreko gaiak: Nafarroako gobernuarekin legealdia amaitu bitarteko itun duinaren estrategia adostu, egituratu eta, behingoz, Zerrenda Bakarra ezartzen hastea.
Hezkuntza Departamentuak orain artean egindakoaren inguruko balorazioa negatiboa da, izan ere estrategiko beharko lukeen hainbat neurri hartzeke dagoela bistakoa baita. Hezkuntza Departamentuak ez ditu bete berarekin adostuta genuen hainbat konpromiso ezta agenda bera ere.
Horren aurrean, Hezkuntza Departamentuari aitzinean sortutako negoziazio-eztabaida guneak indartzea galdegingo diogu. Hori posible egin ahal izateko gehiengo sindikalak mobilizazio agenda adostu du, Administrazioa pisuzko aldaketak eragingo dituen erabakiak hartzen has dadin.
Murrizketen aurreko egoerara itzultzea premiazkoa dela iruditzen zaigu hemen gauden eragileoi. Aipatu neurri horiek abian jarri zirenetik, administraziopeko langileok lan baldintza kaxkarretan egin dugu lan eta, oro har, baldintzak nabarmen okertu dira. Hezkuntzan murrizketek eragin izugarria dute bere komunitatearen baldintzei dagokionez eta arriskuan jartzen ari da jendarte justu eta aurrerakoi batek izan beharko lukeen betebehar nagusietako bat: bere erronkei erantzungo dien kalitatezko hezkuntza publikoa.
Hemen gauden sindikatuon aburuz premiazkoa da egun irakasleria zein ikasleriak pairatu behar dituen baldintzak iraultzea eta gutxienez murrizketen aurreko egoerara itzultzea, batez ere geletako ikasleen ratioei, irakasleek eman beharreko ordu kopuruei eta bajak lehen egunetik ordezkatzeari dagokienez. Jakin badakigu UPNren Exekutiboek utzitako ondareak zaildu egiten duela neurri horiek istant batean abian jartzea, baina Geroa Bairen Gobernuak hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia du, are gehiago aldaketa hori pausoz-pauso eta modu adostuan egin daitekeela argi utzi diogunean. Gai horri eusteko nahia eta aurrekontuetan islatuko diren erabakiak beharrezkoak iruditzen zaizkigu. Horregatik aurrekontuen eztabaidaren prozesuan egonik, lehentasunak berrikusi eta Hezkuntza premiei aurre egiteko 2018rako diru partidak handitzeko beharra azpimarratzen dugu.
Arrazoiak soberan ditugulako, hainbat mobilizazio martxan jarriko dugula iragarri nahi dugu. Hauxe da gehiengo sindikalak adostu duen ekintzen agenda:
– Azaroak 23 ikastetxeetan mobilizazioak: kontzentrazioak deituko ditugu aipatutako aldarrikapenekin.
– Azaroak 30 Hezkuntza komunitatearen mobilizazioa.
– Abenduaren 12an giza kate bat eginez Hezkuntza Departamentua eta Gobernuaren egoitza lotuko dituena.
Hezkuntza kalitatea gaurdanik bermatzeko gonbitea egiten diogu hezkuntza komunitateari nola jendarteari mobilizazioetan parte dezan,
HEZKUNTZA ERAIKI, MURRIZKETARIK GABEKO AURREKONTUAK ORAIN.