Iruñeko Udalak Sortzen Jaiarekin bat !

Erabiltzailearen aurpegia Sortzen 2017ko mai. 12a, 11:02

Sortzen Elkartearen eta Iruñeko Udalaren arteko elkarlana izanen da Sortzen Jaian. Gaur, Sortzen Elkarteko ordezkariek eta Iruñeko Udaleko hainbat zinegotzi eta teknikarik maiatzaren 21ean Sortzenek ospatuko duen Jairako akordioa eta elkarlana irudikatu dute Iruñeko Basotxo kalean. Alde batetik, Kultura Alorretik Maider Beloki zinegotzia eta Maitena Muruzabal teknikaria izan dira; bestetik, Hiri Ekologia zinegotzia den Armando Cuenca eta Camino Jaso, alorreko zuzendaria. Beraiekin, Sortzen Elkarteko koordinatzaileak diren Begoña Bitorika eta Sergio Iribarren elkartu dira aipatu dugun Iruñeko txoko ezagun horretan. Kultura alorrarekin, zein Hiri Ekologiaren barruan dagoen Mugikortasun Zerbitzuarekin, asteetako elkarlana izan da jairako, ahalik eta Auzo Bizi Onaren aldeko Jai onena ospatzeko helburuarekin. Elkarlan horri esker, Hizkuntza-Politika Alorraren bidez egun horretarako beharrezkoak diren karpa, soinu ekipoa eta elektrogrupoak Iruñeko Udalaren kargu izango dira. Aparte, hainbat ekimen ere errealitate bihurtu ahal izan dira. Horren harira, maiatzaren 21ean Antoniutti ingurura txirringaz hurbiltzeko emango diren erraztasunak azpimarratu dituzte. Iruñeko Udaleko Mugikortasun Zerbitzuak, Basotxoan, txirringentzako aparkalekua kokatuko du, estalpean, eta kode pertsonalizatu baten bidez funtzionatuko duena. Modu berean, Basotxo kalean, goizeko 10:30tatik eguerdiko 14:30tara, Iruñeko auzo ezberdinetan Mugikortasun Zerbitzu honek martxan jarri duen Bizi Kalea dinamika ezagutzeko aukera izango da. Bertan, txirringaren erabilera bultzatzeko ekimen ezberdinak egongo dira: jolasak, gynkana, baita mantenu tailerrak ere. Jai egunean, zein egunerokoan eskoletara hurbiltzean, txirringaz zein oinez ibiltzeak duen garrantzia gogoratu nahi izan dute. Bukatzeko, Sortzeneko ordezkariek Iruñeko Udaletik jasotako laguntza eta elkarlanerako prestutasuna eskertu dute. Denon artean, Auzo Bizi Onaren eskola helburu, kaleak jolasteko eta eskola bideak jorratzeko mezua zabaldu dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!