Zentzu honetan argi utzi nahi dugu ez dugula gaur indarrean dagoen hezkuntza-ereduen sistemarekin bat egiten, ezta kanpoko hizkuntza bat irakasteko Nafarroako 100 ikastetxe baino gehiagoetan indarrean dagoen programarekin. Programa honek geroz eta D ereduko lerro gehiagoei ari die eragiten, eta horregatik, murgiltze ereduan izan dezaken eragina ongi aztertzea eta kontuan hartzea premiazkoa ikusten dugu.
Puntu hauek argitu ostean, kanpainaren balorazio orokor bat egin nahi dugu, bereziki, Nafarroako zonalde diskriminatuan, bigarren urtez, D eredua zabaltzearen alde egindako ahalegina da baloratu, neurtu eta hobetu nahi duguna. Sentsazio orokorra da “pausu txikietan” ibili beharra. Gu horrekin ados, baina horretarako, pausuak eman behar dira, urratsak bultzatu, lagundu eta babestu behar dira, bakoitza bere aldetik eta dituen indar eta ardurekin. Honekin zer esan nahi dugu? Ba, adibidez, aurten Zarrakastelun (4) edota Azkoienen (5), D ereduan izena eman duten famili horiei, datorren urtean beste hiruzpalau gehitu ahal zaizkiela. Baina horretarako, Hezkuntza Departamenduak, Zarrakastelun, edota Azkoienen, ere, D eredua zabaldu beharko luke. Edota Mendigorrian pasa den urtean D ereduan izena eman zuten 8 familiek, aurten beste 5 ikasle gehiago, gutxienez, gehitu ahal zaizkiela. Orduan, datorren ikasturtean, Mendigorriako eskolan, adibidez, 13 ikasle egon ahalko ziren D ereduan. Baina Mendigorrian, pasa den urtean, Departamenduak ez zuen urratsarik eman, eta aurten, ezta. Ondorioz, Departamenduarentzat erreferentziazkoa zen ikastetxe batean, D eredua irekitzeko aukera, bi urtez jarraian, galdu dute, horrek herriko biztanleentzat suposatzen duen eskubideen urraketarekin. Aipatzekoa da, eskola horretan, beste 4 matrikula egon direla A ereduan, eta bakarra G ereduan. Hor Departamenduak kontuak atera beharko ditu, eta bidea aukeratu. Bestela Murietan, Ziraukin edota Mañerun gertatu zen bezala, eskola itxi egin beharko dute: familiek, D ereduaren bila, beste nonbaitera joan behar izan zuten eta. Departamenduak ezin du 8 ikasleen muga horrekin lerro berriak zabaltzea baldintzatu, horrek, aurre-matrikula kopuru osoaren errealitateari erantzuten ez dio eta. Guk, Antzinen hartutako bidearen alde egiten dugu (eta pasa den urtean Abartzuzan eta Lezaunen hartutakoa): eskola itxi baino lehen, D eredua zabalduko dugu inguruko herri txikietako ikasleak gureganatuz (bestela, txiki horiek, Lizarraraino joatea besterik ez zuten eta). Egoera antzekoan Orbaibarren egon daitezke, edota Lizarraldeko eta Valdeizarbeko beste herri txikietan.
Beste aldetik, gogoratu nahi dugu kanpaina soil batek duen eragin eskasa, aldez aurretik, bagenekiela. Hitzaldi batek ez du familia baten iritzia aldatzen. Kanpainak egin behar dira, bai, baina euskarak eta D ereduak dinamika iraunkorrak behar ditu. Hezkuntza Departamenduak bultzatuak, Euskarabideak garatuak, euskararen aldeko herri mugimenduak elikatuak, alderdi politikoek babestuak … norabide honetan, eta ez da lehenengo aldiz aipatzen dugula, euskarak ofizialtasuna behar du Nafarroa osoan, horixe baita D ereduaren aldeko kanpainarik onena. Beraz, pausu txikiak bai, baina pausuak emateko beharra eta borondatea mahaigainean jar dezagun.
Testuinguru honetan, hasieran aipatu dugun bezala, familiak zoriondu nahi ditugu erakusten duten determinazioarengatik. Beldurraren mezu eta orri anonimoen gainetik, mehatxuei eta ezjakintasunak eragiten duen ulertze-ezari aurre egiten, beraien seme-alabentzat hezkuntza eredurik hoberena eskaini nahi diete. Helburu horrekin beraien herrietan “lehenengoak” izateko prest daude, bidea ixten duten sasiak beraien esku hutsekin kentzeko prest daude, eta horregatik, gure babesa eta besarkada beroena eman nahi diegu. Zabaltzen den D ereduko lerro bakoitza, Vascuencearen Legearen paretan irekitzen den beste pitzadura bat da. Zonalde diskriminatua utzi nahi duen udalerri bakoitza, pareta horren kontra beste kolpe bat da. Beste garaietako legeak dira, aipatu ditugun mehatxuak, gezurrak eta euskarari jarritako oztopoak ere atzean utzi nahi ditugu, atzean utzi behar ditugu, Nafarroa XXI. mendeari begira jarri ahal izateko.
Horretarako, datorren ikasturtearen hasieratik, eta aurtengo maiatzaren 21ean Iruñean ospatuko dugun Jaiaren etekin ekonomikoaren zati bat baliatuz, ondoren aurkeztuko dizuegun dinamika bat martxan jarri nahi dugu: “HAIZEA EGITASMOA”; eta zergatik “Haizea” izena?. Ba jota batetik hartu dugun analogia bat da: “Iparretik hegoraino, egin dute hiru zati. Euskara haizea da, ta haizea ezin da ebaki.”
Elkarte bezala, urte asko daramagu bertako familiekin euskaraz ikasteko eta bizitzeko eskubidearen alde elkarlanean. Ba, lan hori eraginkortzeko, inbertsioa egingo dugu maiatzaren 21eko jaialdian aterako dugun etekin ekonomikoaren zati baten bidez. “Haizea dinamika” datorren ikasturte osoan zehar, Nafarroako zonalde diskriminatuan zabaldu diren D ereduko lerroetan, garatuko dugun dinamika iraunkor bat da, helburu ezberdinak izango dituena. Helburu horien artean hauek kokatu ditugu:
. Familien artean euskararen erabilera bultzatzea.
. Eskolen artean auzolanean aritzeko guneak sortzea.
. Aurre-matrikulazio kanpainan jauzi kualitatibo bat ematea.
. Familiak babesteko eta zoriontzeko dinamika mobilizatzaileak indartzea.
Hau da Sortzen Elkarteak egiten duen apustua eta erronka, eta horrela aurkeztu nahi izan dizuegu, urte hauetan izan dugun esperientziatik sortua, eta Jaiak ematen digun ekarpen ekonomikoa baliatuz.