Zer da Pisa? Nor da eragile nagusia?
-
Nazioarte mailan hainbat herrialdetan egiten den froga diagnostikoa da Pisa. 15 urteko gazteen artean egindako ebaluazio froga eta konparaketa, eta hiru arlo bakarrik hartzen ditu kontutan: Irakurmena, matematika eta zientziak.
-
Ez da gaitasunen garapenaren ebaluaziorako eredu pedagogikoa, arlo batzuetan item batzuk neurtzeko azterketa zurruna baizik.
-
Merkatuarentzako errentagarri diren eduki eta konpetentziak lehenesten ditu, pertsonen garapen osorako baliagarriak direnak baztertuz.
-
Ez du irakaskuntza ikuspegi integraletik ebaluatzen: 15 urteko gazteak ebaluatzen ditu soilik, eta testuinguru zein egoera sozial ezberdinak kontutan hartu gabe.
-
Eta gainera eragile nagusia OCDE da (Organización para la Cooperación y el Desarrollo Económico), beraz, Pisa ez da txosten soil bat edo azterketa bat, merkatuen beharren arabera egiten den froga baizik.
Ebaluazio diagnostiko horiek zein Lomce-Heziberrik ezartzen digun ebaluazio sistemak logika bera jarraitzen dute, ez dira hezkuntza kalitatea hobetzeko egiten, ez dira froga diagnostikoak, errebalidak dira.
-
Emaitzei gehiegizko garrantzia ematen zaie, ikasketa prozesu osoari garrantzia kenduz.
-
Testuinguru ekonomiko, sozial eta kulturala kontuan hartu gabe egiten diren frogak dira. Aukera berdintasuna baztertuz.
-
Instrumentalak diren ikasgaiak soilik ebaluatzen dira (hizkuntzak, matematika, zientziak) formazio integrala osatzeko behar diren ikasgaiak baztertuz.
Euskal Herriaren errealitateari erantzungo dion ebaluazio sistema propioa eraikitzeko apustua egiten dugu, hezkuntza-komunitate osoarekin elkarlanean:
-
Ebaluazioa etengabeko prozesu bezala ulertuko duena, eta ez egun jakin batean egiten den azterketa baten emaitza gisa.
-
Ikasleen ebaluazio jarraitua sustatuko duena, irakaskuntza-ikaskuntza prozesu osoaren ebaluazioa egingo duena eta era askotako aniztasuna kontuan hartuko duena.
Nolako Ebaluazio sistema behar dugu Euskal Herrian, Nola eraiki behar dugu?
Galdera hauei erantzuteko, Otsailaren 18an goizeko 10:00etan hasita, Gasteizko Oihan-eder jauregian, Hezkuntza Plataformen Topaguneak antolatu dituen topaketetan parte hartzera deitzen dugu.