PAIren Foru Agindu berria eztabaidagai izan da Nafarroako Eskola Kontseiluan.

Erabiltzailearen aurpegia Sortzen 2016ko abe. 22a, 18:24

(Sortzen Elkartearen prentsa-oharra. 2016ko abenduak 22) UPNren Erregimenak utzitako gozoki pozoitsuen artean dago Ingelesa Ikasteko Programa-PAI delako hori. Ez dugu berriz gogoratuko zergatik eta nola zabaldu zuten programa hori Nafarroako hegoaldeko eskoletan, baina bai, eta laburbilduz, esan helburu pedagogikoekin zerikusirik izan ez zuen bultzada politiko maltzur bat egon zela horren atzean.

Egun hauetan, “txandrioa” konpontzeko saiakeraren beste kapitulu bat bizi izan dugu. Hezkuntza Departamenduak Foru Agindu bat prestatu du eta Eskola Kontseiluan aurkeztu. Gehienetan zaila da bururik gabe egin denari gutxienezko orden edo antolakuntza bat ematea, eta horregatik, aitortu diogu Hezkuntza Departamenduari egindako ahaleginaren garrantzia eta balioa programa horren ebaluazioa hasi zenetik. Gauzak honela, atzo, Nafarroako Eskola Kontseiluko bilkuran abstentziora jo dugu, PAI programa hautatzeko edota baztertzeko aukera ikastetxeen erabakia izatera pasako baita. Ildo honetatik gogoratu nahi dugu azken urte hauetan gertatutako zenbait pasadizo: Uharte Iruñeko eskolako hezkuntza komunitateak D ereduko euskarazko murgiltzearen defentsan egindako borroka orain dela urte batzuk; edota Sarrigurengo Guraso Elkarteak, iaz, PAI programa ebaluatzearen aldeko oharra zabaldu zuela; eta berdin Kaparrosoko D ereduko gurasoen eskaera ere, hau da, ikasturte honetan sortu duten D ereduari, ikastetxean martxan den PAI programak ez diezaiola eragin.

 

Gure abstentzioa, zentzu horretan joan da. Alde batetik, aitortzen diogu Departamenduari egindako esfortzua. Baina, gure ustez, hizkuntzen trataera arautuko duen Foru Dekretu bat helburu izanik, benetako prozesu parte-hartzailea ireki beharko luke Departamenduak berak, hezkuntza-komunitate osoaren iritzia kontuan hartuko dela bermatuz, eta, nola ez, gai honetan adituek egin dituzten ikerketak edota esperientzia gehiago duten lurraldeen ibilbideak ere kontutan harturik.

 

Argi dago PAI programa, hasieratik iruzur hutsa izan dela. Horregatik, eta bukatzeko, eskua luzatu nahi diogu berriro Nafarroako Hezkuntza Departamenduari, gure hezkuntza-sistemak behar duen hizkuntzen trataera egokia formulatzeko bidea elkarrekin egiteko, hezkuntza komunitateko gainontzeko eragileekin batera. Gure lurraldearen egoera soziolinguistikoa kontutan, ikasleen beharrak asetuko dituen formulazioa, ikasle euskaldun eleaniztunak sortzeko gai izango dena. Bitartean gure elkartearen ekarpena garatzen jarraituko dugu, ikasle euskaldun eleanitztunak sortzeko behar diren tresnak zorrozten, alegia.

 

        Sortzen Elkartea

        2016ko abenduak 22

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!