Askotan desinformazio falta agerian gelditu da, aldaketei beldurra besteetan, gaurko ordutegiaren hutsuneak beste askotan, eta gutxitan aldatzeko beharra eza.
Sortzen elkartean, hasteko, begi onez ikusi genuen Departamenduaren jarrera, gure ustez, dinamika hauek, heziguneen autonomia eta burujabetza handitzen dutelako. Parte-hartze prozesu polit bat egiteko aukera gisa ikusten dugu, azken finean, eskola bakoitzeko hezkuntza komunitate osoak hartu behar duen erabakia delako, aldaketak guztiongan eragiten baitu.
Beste kontu bat da Administrazioak hautatu duen bidea. Zentzu honetan, lehen aipatu dugun desinformazioa aipa dezakegu, eta bestetik, epeak: printzipioz, aurre-matrikulazio kanpaina baino lehen erabakia hartu behar denez, eta oraindik, baldintzen-dokumentua argitaratu gabe dagoela kontuan hartzen badugu, hilabete bateko epeaz ari gara … eskasa, oso eskasa, heziguneetan benetako prozesu parte-hartzailea garatu ahal izateko. Horregatik, eta oraindik proiektua garatu, edota guraso elkarteen iritzia kontuan hartu, edota familiei eta irakasleei informazioa zabaldu ez den eskoletan, erabaki hau hartzeko gara daitekeen dinamika arriskua ikusten dugu, komunitatearen barruan harremanak ozpintzeko eta apurtzeko arriskua ikusten dugu, alegia. Arrazoi honengatik, datozen urteetan ere, eskaera hau egin ahal izateko atea zabalik uztea eskatu dugu jada, eta modu berean, irakasleen klaustrotik pasa baino lehen, Eskola bakoitzak aurkeztu behar duen Proiektua, zirriborro gisa, familiei aurkeztea eskatu dugu ere. Bestalde, aldaketa hauek emateko Hezkuntza Departamenduak inolako baliabiderik, ekonomikoak edota giza-baliabideak, ez eskaintzea, gure ustez, salagarria da ere; eskolek, hasteko, proiektu bat diseinatu behar dute, eta ordutegia aldatuz gero, bestelako ekintzak antolatzeko ardura izanen dute … orduan, proiektua garatzeko laguntza ez badute eskaintzen, edota irakasleei formazioa ez badiete ematen, ze nolako aldaketa ari dira bultzatzen?, itxurazko aldaketa bat nahi al dute ala ikasleen beharretara egokitutako aldaketa bat?
Azken galdera hau da, Sortzenen ustez, gakoa: ikasleen beharretara egokitutako eskola batean sinisten dugu, alegia, eta horregatik, hezkuntza komunitateko kide guztien beharrak asetuko dituen, eta bere ahotsa entzungo duen, eskola baten alde ari gara lanean. Haurrak ez dira makinak, horregatik ez goaz bere errendimendua handitzera, edota PISA txostenetan ahalik eta kalifikazio handiena lortzera. Eta heziguneak ez dira metal arloko fabrikak, horregatik, ordutegiarekin batera, bestelako parametro inguruan eztabaida piztu nahi dugu: ikasleen eta familien parte-hartzea heziguneen erabakietan, eskolako Hezkuntza Proiektua eta bere garapena, haurren aisialdia, guraso elkarteek eskaintzen dituzten zerbitzuak, eskola eta herri-auzo bakoitzaren baldintzak eta beharrak, … Beraz, ez dezagun ikastetxeen ordutegia aldatu, ezer ez aldatzeko. Eta ikas-ordutegia aldatzera bagoaz, guztia berritzeko eta egokitzeko abiapuntua izan dadila.
Sortzen Elkartea
2016ko abendua