Milaka ikaslek eta dozenaka monitorek-hezitzailek parte hartu dute dagoeneko Euskaraz Mintza proiektuan; gaur, Guraso elkarteen eta udalen iniziatiba eta laguntzari esker 20 ikastetxetan garatzen dugun proiektuan : Aguraingo eskolan, Txantreako Bernart Etxepare, Sanduzelaiko eskolan, Arrotxapeako Patxi Larraintzar eskolan, Muskizko Cantarrana eskolan, Lekunberriko Ibarberri eskolan…
Aurten, gainera, kordinatzaile berria dugu! Liebana, ongi etorri Sortzen Elkartera ! Haizeak pasa den urtean utzi gintuen, baina, Euskaraz Mintza programarako haize berriak etorri direla esan dezakegu.
Hona hemen, Liebanarekin izandako solasaldia:
Kaixo Liebana, zer moduz? Euskaraz Mintza programarako koordinatzaile berria zara, baina programa hau ez da berria zuretzat, ezta?
Kaixo! Bai, 4-5 urtez Euskaraz Mintzako hezitzailea izan naiz Burlatako Ermitaberri eskolan. Oso pozik nago proiektu honen partaide izateagatik. Proiektua oso interesgarria iruditzen zait eta haurrekin lan egitea asko gustatzen zait ere. Ilusio handia egin zidan Euskaraz Mintzako koordinatzaile berria izatea eskaini zidatenean. Erronka berriari aurre egiteko gogotsu nago.
Ziurrenik bai hutsuneak zein aukera berriak ere, edota erronkak ikusi dizkiozu programa honi… zeintzuk dira zure asmoak aurrera begira Euskaraz Mintza aberasteko?
Euskaraz Mintza programak aukera asko dituela uste dut. Proiektuak indar gehiago izan dezan, ideia berri batzuk ezartzea bururatu zaizkigu. Adibidez, hezitzaile berriak bilatzeko ‘Lan Poltsa’ berria sortu dugu (Sortzeneko web gunean aurkitu dezakezue), proiektua pertsona gehiagori zabaltzeko asmoz. Gainera, eskoletan Euskaraz Mintzaren jarraipena hobea izan dadin, urtean zehar hezitzaileek bi balorapen egingo dituzte, saioen eta haurren jarrera nondik nora doan modu hobean ausnartu ahal izateko. Balorapen horietan oinarrituta, programan aldaketak egin behar diren edo ez ikusi ahal izateko, hain zuzen ere.
Ikasturte honetan, Euskaraz Mintza ikastetxeetara zabaltzeko asmoa dugu ere. Horretarako, hezitzaile eta koordinatzaile artean hausnarketa sakona egingo da, Euskaraz Mintza saioak ikastetxeen ikuspuntu eta beharretara egokitzeko.
Guzti honen barruan, hezitzaileen papera indartzea oso garrantzitsua dela uste dut. Haien lana ezin bestekoa da eta proiektuak indarra hartu dezan, haien garrantzia azpimarratzea eta sendotzea beharrezkoa dela esango nuke.
Zer da euskaraz mintza programatik gehien gustatzen zaizuna?
Jolasen bitartez euskara sustatzea ideia ezin hobea iruditzen zait. Azken finean, euskara gure artean harremana egiteko baliabide ederra da eta jolasen bitartez egiteak, era naturalagoan barneratzeko aukera ematen digula esango nuke. Nire esperientzia oso polita izan da proiektuan hezitzaile bezala hasi nintzenetik. Haurrek proiektuarekiko duten jarrera oso ona da, gustura datoz eta irribarretsu. Hori da proiektuaren zati ederrena, euskararen bitartez haurren eta hezitzaileen artean sortzen den lotura, hain zuzen ere.
JOLAS TAILERRAK ETA KONTU TXIKIAK LIBURUXKAK ETA TAILERRAK
Euskaraz Mintza programari lotuak, Jolas-Tailerrak eta Kontu Txikiak, jolasen eta kanten CD-liburuxkak, sortu genituen. Edizio ezberdinak egin ditugu jada, orain dela bi urte hain zuzen ere irudi berritu eta guzti. Ordutik, haurrentzako argitaratu dituzten jolasen eta kanten bilduma ikusita, gurea, aitzindaria izan zela esan dezakegu.
Izenburu berberarekin, Jolas-Tailerrak eta Kontu Txikiak, ikastaroak ere eskaintzen ditugu, Euskaraz Mintza programaren gehigarri gisa eta guraso, irakasle eta heziguneetako langileei zuzenduta.
Hemen, liburuxka hauek online erosteko aukera.
LAN POLTSA · MONITORE-HEZITZAILE BILA GABILTZA
Ikasturte berri honen hasiera, Euskaraz Mintzarako Lan Poltsa martxan jartzeko ere, probestu nahi dugu. Programa honen monitore gisa aritzeko gogorik izanez gero, hemen klikatu, eta galdetegi bat topatuko duzue.
Euskaraz Mintzako bi hezitzaileei galdera batzuk egin dizkiegu. Hona hemen beraien erantzunak:
Eli eta Karmiñe gara. Eli ordiziarra eta Karmiñe iruindarra, lehenengoa euskaldun zaharra eta bigarrena euskaldun berria. Honek aukera ematen digu euskararen arlo guztiak lantzeko, hau da, gramatika, euskalkiak eta kaleko hizkuntza.
Zein eskolatan zaudete? Noiztik?
Iruñeko Bernart Etxepare Ikastetxe publikoan begirale gabiltza orain dela 8 urte, ikastetxea sortu zenetik.
Nola garatzen da Euskaraz Mintza programa zauden eskolan?
Eskolak euskararen erabilpena sustatzearren euskaraz mintza programan sartzea erabaki zuen, eta horretarako gu biok hartu gintuzten begirale giza. Jolas garaian umeak gelaka hartzen ditugu euskaraz jolas daitezen gure zuzendaritzaren pean, eta saioa bukatutakoan denon artean erabilpenaren balorapena egiten dugu termometro baten bitartez, hau da, dena euskaraz egiten badute 10 gradu igotzen da termometroaren tenperatura. Era honetan 100ra heltzean saria jasotzen dute.
Haur hezkuntzan termometroaren ordez euskaraz ikasten ari den panpin bat erabiltzen dugu euskara erabiltzen anima daitezen.
Antolakuntzaren aldetik Haur Hezkuntzako eta lehen hezkuntzako irakasle koordinatzaile bana izendatzen du zentroak eta lauon artean osatzen dugu egutegia eta saioak, jolasak eta erabil beharreko hiztegia zein esapideak aztertzen ditugu.
Hau guztiaz gain, hiru hilabetean behin “patioko eguna” antolatzen dugu ziklo bakoitzeko ume guztiak patiora ateraz landutako jolasak egiteko.
Zu, pozik? Haurrak pozik? Zein da gehien gustatzen zaien jolasa?
Jolastea beti dibertigarria denez, denok oso gustura egoten gara. Alde batetik umeak dibertitzen dira eta ohartu gabe euskara era naturalago batean erabiltzen dute eta bestetik, guretzako oso pozgarria da beraien aurrerapenak nabaritzea.
Egia da umeek jolas batzuk nahiago dituztela, hala nola, patata beroa, baloi errea, futbol indiarra (baloiarekin), zapiaren jolasa edota soka saltoan aritzea, baita harrapaketan edo txingokan aritzea ere. Dena den, gure helburua jolas zaharrak eta berriak sartzea da eta denetatik erabiltzen dugu.
Haur Hezkuntzan harrapaketan eta soka saltoan aritzea gehiago gustatzen zaie, arauak ulertzea askoz errazagoak direlako, adibide giza, entzierroa harrapaketa jolasa biziki gustatzen zaie, “dira-dira zezenak dira” batzuetan edo besteetan “Entzun arren San Fermin” abestiak erabiliz. Lehen hezkuntzan, zapiaren jolasa baloiekin maite dute gehien, zapia eta baloi errea jolasak nahasten direlako.