Hezkuntzan Burujabetzaren alde egin nahi dugulako … LOMCEri ez! (prentsaurrea 2016-X-19)

Erabiltzailearen aurpegia Sortzen 2016ko urr. 19a, 16:37

Ikasturte hasiera honetan, Hezkuntza-Komunitate osoak nahi ez genuen, baina, aurrez-aurre daukagun errealitate gordinaren paretarekin egin dugu topo, berriz ere. LOMCE Hego-Euskal Herri osoan ezarri da! Madrilgo Ministerioak inposatuta bai, baina, hemengo administrazioek, Heziberri edota ” LOMCE a la navarra “ bezalako tranpekin ezarri digutena, hain zuzen ere.

Sortzen Elkarteak, lege honi aurre egiteko helburuarekin hamaika ekimen, ekarpen, mobilizazio eta greba deialdi egin ditu; batzuetan, hezkuntza-komunitateko beste eragileekin elkarlanean: batzar informatiboak, LOMCEri aurre egiteko eta nahi dugun hezkuntza-sistema eraikitzeko GIDA, sinadura-bilketak, kanpo ebaluazioei plantoak, burrunbak, prentsa- agerraldiak, Hezkuntza-Departamenduei interpelazio zuzenak, kontzentrazioak ikastetxeetan, plataformak bultzatu, … Beti ere, helburu bikoitzarekin: alde batetik, eta esan dugun bezala, inposizioen aurrean hezkuntza-komunitatearen ahotsari bozgorailua jartzea; eta bestetik,  Euskal Eskola Publiko Berriaren norabidean urratsak ematen jarraitzea; azken finean, indarrak biltzea behar dugun eskola-eredurantz aurrerapausoak eman ahal izateko.

Zoritxarrez emaitzak ez dira guk nahi genituenak izan, eta garratzak ere izan dira kasu askotan. Heziberrik, zein LOMCE garatzeko Nafarroan onartutako Foru-Dekretuek erakusten digute, euren esanetan LOMCEren kontra dauden Nafarroa eta Gasteizko gobernuen benetako jarrera eta hautua. Ondorioa argi ari gara ikusten: lege inposatu hau indarrean dago gure ikastetxeetan.

Sortzenen ustez, ordea, Hezkuntza Sistema Propioa eraikitzea ipar izanik,  beste  bat da administrazioek, hezkuntza-komunitatearekin elkarlanean, egin beharreko bidea eta, ez dugu onartzen Lege inposatu honi mugak jartzeko unean Hezkuntza-Departamenduen jokabide epela. 

Orain arte garatu dugun ibilbidea kontuan hartuta, eta egindakoaren inguruan hausnarketa egin ostean, baina, batez ere, aurretik daukagun errealitate larria ikusita, elkarlanerako deia luzatzen dugu, berriz ere. Argi daukagu, LOMCEri aurre egitea, eta nahi dugun eskola-eredu berria eraikitzea, hezkuntza-komunitate osoaren ardura dela, beraz, gurasoak, hezitzaileak, ikasleak, ikastetxeetako langileak, herritarrak, denok  gara beharrezkoak zeregin horretan.

 

Hezkuntza-Komunitatea LOMCEren kontra dago, hori probestu, eta epe luzerako dinamika iraunkorra jarri dezagun martxan, gelaz gela, eskolaz eskola, herriz herri eta auzoz auzo, olatu erraldoia bailitzan, hezkuntzan burujabetzaren aldeko indarrak bilduz. Era horretan, uholdean murgilduta erraz sortuko ditugu Hezkuntza Sistema propioa eraikitzeko baldintzak. Eta errealitateak argi erakusten digu premia handia dugula, geure Hezkuntza Sistemaren orubea eraikitzeko.

Gauzak horrela, urriaren 26rako espainar estatu mailan egindako greba deialdiaren harira zera adierazi nahi dugu: Estatutik egiten den deialdiak ez duela, besteak beste, Euskal  Herriaren errealitatea kontutan hartzen, ezta burujabetzarako daukagun eskubidea aitortzen. Ondorioz, gure herriaren beharrak eta interesak oinarrian izango lituzkeen Hezkuntza Sistema Propioa izateko daukagun eskubidea eta beharra ere ez dira deialdi horren planteamenduan barnebiltzen.

Hori dela eta, honako puntu hauek argi utzi nahi ditugu:

-. Urriaren 26rako deitua dagoen greba deialdiarekin ez dugula bat egingo, esandako arrazoiak tarteko.

-. LOMCE zein bere garapena bermatzeko arautu diren dekretuen aurrean, aspaldi ari garela mobilizatzen hego Euskal Herrian. Halaber, inposizio horien aurrean, desobedientzia jarrera modu garrantzitsuan zabaldu da, batez ere, familien ekimenez, baina, baita irakasle, langile zein ikasleen aldetik. Eta horretan jarraituko dugu.

-. Hezkuntza Sistema Propioaren norabidean  lanean, eta elkarlanean, jarraitzeko prestutasuna daukagula berresten dugula.

-. Gasteizko zein Nafarroako Hezkuntza Departamenduei dei egiten diegu, bide horretan konprometitu daitezen, hezkuntza-komunitatearekin batera, LOMCEri ez esatetik,  nahi eta behar dugun Hezkuntza-Sistema eraiki dezagun..

 

Sortzen Elkartea

2016ko urriak 19

Iruñean

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!