Hasteko, Sortzenen osaketa eta hedapena argitu diogu kontseilariari, eta eskuartean ditugun proiektuak aurkeztuko dizkiogu: Euskaraz Mintza (jolasaren bidez euskararen erabilera sustatzeko eskola orduetan) eta Ikasle euskaldun eleaniztunak (3 urtez proiektu-piloto gisa Diman eta Donostiako Egia auzoan garatu ostean, aurten, Uharte-Iruñean martxan jarriko duguna). Modu berean, egun hauetan publikoki aurkeztu dugun “Nafarroatik Eskola Publiko Berria sortzen” dokumentua eskutik eskura eman diogu, eta horrekin lotutako mahai-inguruak, lan-talde pedagogikoa eta Hezkuntza Departamenduari eskatzen dizkiogun neurri zehatzen berri eman diogu. Modu berean, Vascuencearen Legeak bere horretan jarraitzeak sortzen duen diskriminazioa mahaigaineratu genuen.
Ondoren, zenbait gaien inguruko interpelazio zuzenak egin dizkiogu, horien artean: gehiegizko ratioak, D ereduaren zabalpena Nafarroa osoan, ikastetxeen azpiegiturak, haur eskolen euskarazko eskaintza eta tarifak, PAI programaren inguruko eztabaida publikoaren beharra, landa eremuko eskola txikien dekalogoaren garapena, … Aurreikusita genuen bezala, gai gehienetan sintonia handia aurkitu dugu kontseilari berriarengan, eta normala denez, desadostasunerako tartea egon da ere.
Dena den, eskertzekoa da lehenengo hilabete hauetan Departamendutik erakusten ari den jarrera, elkarlanerako ateak irekiak dituela adierazi bai zaigu. Baina zentzu honetan, kezkaz bizi dugu bilera honetan behin eta berriro mahaigaineratu den ezintasuna, diruarena, alegia. Ratioak jaisteko, euskarazko hezkuntzaren aldeko eskaerari erantzun ahal izateko, ikastetxeen azpiegiturak hobetzeko, irakasleen lan baldintzak egonkortzeko eta formazioa bultzatzeko,.. dirua behar da, inbertsioa handitu, alegia. Eta gaur, Nafarroako Parlamentuak onartu ahal dituen aurrekontuen gainetik, bertatik asko egiterik badago ere, Madrilek inposatzen duen “gasturako sapaiarekin” talka egiten du inbertsio behar hori. Hezkuntza Politika eredu zentralistaz gain, Madrileko gobernuak murrizketa eta muga ekonomikoen bidez ukatzen digu kalitatezko hezkuntza sistema bat eraikitzeko aukera.
Gure elkartearen helburua Euskal Eskola Publiko berri bat da, eta argi dugu norabide horretan aurrera pausuak eman zein inbertsioaren garaian murgildu beharra dugula. Eta ezartzen zaizkigun mugak gainditzearen beharraz gain, egungo errealitatean ere bai badugu zer egin, zer eraiki. Honekin lotua, laster, Nafarroako aurrekontuen eztabaida mahaigainean izango dugula gogoratu nahi dugu, ikasleen beharretara egokitutako kalitatezko hezkuntza baten alde urratsak emateko beste aukera bat, alegia. Elkarlanerako prest beraz, elkarrekin eraiki behar bai dugu eskola publiko berria.
Sergio Iribarren Galbete.
Sortzen Elkarteko Nafarroako kordinatzailea.
2015eko urriak 6.