IBILBIDEA:
2013an, Bilatortan, “Euskara herria josten” lema pean elkartu ginen eta ideia beretik tiraka, Angela Moreno artistak gidaturik, Hamarratz ideia sortzen joan ginen: euskararen herriaren kolorezko metafora, zonalde diskriminatutik hasitako artela-auzolana, elkartasun zein berotasun sarearen isla. Piezaz pieza jositako artelana, mugez gaindi, Euskaraz bizi eta ikasteko nahiari kolorea eta forma emanen diona.
Aurten urte berezia da, “Vascuencearen legea”ri zirrikitua ireki diogu urteetako lanari esker, eta hala, euskaraz ikasteko eskubidea zabalduko dugu Nafarroa osora. Alta, lanean segitzeko deia izanen da ere aurtengoa. Zirrikitua zabaldu, eta Euskal Eskola Publiko Berriaren aldeko lana bultzatuko dugu hezkuntza arloko gainontzeko eragileekin batera.
Legea aldatu den arren, euskararen zonifikazioak berdin darrai eta hezkuntza departamentua, momentuz, ez dago D eredua zabaltzeko asmotan. Horra hor Abarzuzan, aurten, gertatutakoa adibide. Erronka dugu aurrean, beldurrak, bazterketak eta konplexuak gainditzeko. Sortzen elkartetik berretsi nahi dugu bide-lagun izanen gaituztela euskarazko hezkuntza zabaldu nahi duten gurasoek.
JAIA:
Hilabete batzuk daramagu Jai honen antolaketan. Faltzeseko bizi lagunekin eta bertako elkarte eta Udalarekin batera. Ezin ahaztu baitugu, urtero, Faltzesen Euskararen Eguna antolatzen dutela bertako bizi lagunek eta hori izan da gure jaiaren antolaketarako oinarri.
Apirilaren 19an hiru gune nabarmen izanen ditugu Faltzesen:
GIZARTE ETXEA: Bereziki txikienentzako elkargune izanen da. Tailerrak, ginkana, “Euskaraz mintza” jolasak eta HAMARRATZ txokoa izanen dira.
MAYA PLAZA: Bilduagoa dugun plaza honetan, Txalapartarekin lehen pausoak emateko aukera izanen dugu, Zigor Magoa edota herriko astoekin paseoan ibiltzeko aukera.
FORUEN PLAZA: Elkargune nagusia. Bertan egun osoan zehar musika, kontzertuak edo zirko ikuskizunaz gozatzeko aukera izanen dugu.
Goizeko 10:00etan emanen diogu hasiera jaiari eta egun osoan zehar, txarangak, gaitariak, kale animazioa eta kalegirak izanen ditugu. Baita Taloez, bokatez eta edariak hartzeko aukera ere, prestatuko ditugun barra eta txoznetan. Arratsaldeko 20.00ak arte. Ordu horretan garbiketari ekinen diogu. Herria aurkituko dugun gisan uzteko.
Beti bezala, jai garbi baten aldeko apostua egiten dugu; Horrexagatik, jaian edalontzi bererabilgarriak erabiliko ditugu eta etxetik eramateko deia luzatzun dugu ere.
Guzti honekin, animatu besterik ez zaigu geratzen. Apirilak 19, faltzesen, Euskaraz bizi eta ikasteko eskubidearen alde.