Tonbola

Erabiltzailearen aurpegia Ion Orzaiz 2015ko eka. 17a, 14:57

Unibertsitateko koadrilatxoa elkartzeko toki aproposa zirudien Sarasate pasealekua, Parlamentuaren aitzinean. Han ziren Andreita eta Zulema, Cartagenako bikiak; eta Antonio, Murtziako aberaskumea, orain etorkizun oparoko enpresaburu bihurtutakoa. Hitzordura ez zuen hutsik egin Teresak, gaur egun bost seme-alaba dituen Corellako neska grazioso hark. Anfitrioi lanetan, azkenik, Jose Javier, klaseko ordezkari ohia. Garai hartan, serioa eta ikasle fina zen, eta halaxe segitzen duela dirudi, dena antolatua baitzuen, elkarretaratzea baino ordubete lehenagotik: kartelak, txilibituak eta Espainiako banderadun eskumuturrekoak. Whatsapp bidez egin zuten hitzordua. Hamar urte ziren elkar ikusten ez zutela, baina larrialdi egoerak merezi zuen. ETAkide bat Iruñeko alkate izendatzear ziren. ETAkidea, edo ezker abertzalekoa, edo euskalduna, edo auskalo. Whatsapparen lehen lerroak besterik ez zuten irakurri gehienek. UPN izan zen zerrenda bozkatuena, eta gobernua osatzeko gehiengo nahikorik ez zuen arren, hari zegokion aginte makila hartzea. Halaxe behar zuen, eta ez bestela. Ordezkoa PSNkoa izan balitz sikiera, baina ez. Ezkertiar gorri eta filoterrorista bat zen. Txakurtxistu bat. Errealitatea tematu egiten zen berezko ordea iraultzen; eta beraz, merezi zuen Iruñeraino joateak, nafarren eta Espainiako gainontzeko herritarren zilegizko haserrea adierazteko.
Pena izan zen, ordea, elkarretaratzera hain jende gutxi agertu izana. Bizpahiru dozena, asko jota. Jende zintzoa guztiak ala guztiak, noski, baina bi autobus betetzeko adina ere ez.
Gutxi iraun zuen protesta ekintzak. Txistu batzuk, “Yo no vote a Bildu” afixen erakustaldia, bukaerako hitzaldia, txaloak... eta kito. Bakoitza bere etxera. Penatuta gelditu ziren Andreita, Zulema, Antonio, Teresa eta Jose Javier. Eta aparkalekura bidean, Caritaseko tonbolan boleto bana erostea otu zitzaien.
“Bildu itzazu halako 5, eta oparia jaso ezazu”, zioen Andreitaren boletoan. Zulemak, Antoniok eta Teresak ere antzeko mezuak zituzten euren papertxoetan. Lau zituzten. Bosgarrena lortuta, bazuten saria. Jose Javierrek berea zabaldu zuen... eta zozketa batean parte hartzeko zenbakia zen. Kopetilun alde egin zuten bostak, tonbolako saririk gabe.
Aparkalekuko atean, udaletxe plazako festaren hotsak entzuten ziren. Joseba Asironen garaipena ospatzen ari ziren aldaketaren aldeko hiritarrak. “Horiei bai, horiei tonbola baino, loteria tokatu zaie”, pentsatu zuen Jose Javierrek, amorruz. Unibertsitateko lagunei bostekoa luzatu eta hurrengo manifestaziora arte agurtu zituen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!