Günter Grass eta Eduardo Galeano hil dira gaur

Erabiltzailearen aurpegia Ion Orzaiz 2015ko api. 13a, 17:14

Günter Grass eta Eduardo Galeano hil dira gaur. Munduko literaturaren bi erreferente ezinbesteko, zorigaitzeko data honetan lotuta. Ikuspegi kritikoa izan zuten biek ala biek, azken egunera arte, eta horrexegatik, ez da harritzekoa Nafarroan eskela gehien argitaratzen dituen egunkariaren on-line edizioan, bi idazleon heriotza hain espazio txikian eman izana: lerroburu xume bat Grassen kasuan, ezta lerro bakar bat ere Galeanori dagokionez.
Agian bihar, papereko edizioa eskuzabalagoa izanen da bi literaturgile bikain hauekin, baina momentuz, askoz espazio handiagoa eskaintzen zaie hauteskundeen aurreko polemika antzuei, futbolari eta, hara, baita Aralarko aingeruaren bisitaldiari ere. Hori baita egungo erregimenaren kultur eredua: aingeruak idazleen gainetik, Nekeen Amabirjinaren prozesioak euskararen aldeko lasterketak oztopatzen, eta Opus Deiren arte museoa, kultur espazio publikoen ordez.
Ez dezagun ahantzi, dena den, memoria izan dela Galeanoren eta Grassen obraren ardatz nagusietakoa.  Ez ahaztearen beharraz hitz egin dute askotan, nor bere estiloan, Latorrizko danborra eta Ispiluak. Mundu ia ororen historia liburuen egileek. Eta Cordovillako berripaperari ahanztura komeni zaio. Ahanztura kolektiboa, duela 30, 50 edo 70 urte bakoitza lubakiaren zer aldetan zegoen galdezka hasi ez gaitezen. Bide batez esanda, iragan larunbatean 36ko fusilatuen omenez eta memoria historikoaren alde Iruñean eginiko ekitaldi jendetsuak albiste txiki bat besterik ez zuen merezi igandeko Diarioan. Ea maiatzean akordatzen garen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!