Asteartean Martintxo Alzuetak eta Joseba Asironek Txalapartak argitaratutako Euskal Herriko historia ilustratuaren bigarren alea aurkeztu zuten. Argitaletxeak eskatuta bi egileen aurkezpena egiteko aukera pozgarria izan nuen. Pozgarria zentzu askotan; pertsonalki maite ditudan bi lagunekin izateko aukera izan nuelako eta, historialari moduan, Historiaren gizarteratzearen alde ematen diren urrats guztiak ongietorriak direlako. Are gehiago urrats horiek zorroztasuna eta entretenimendua batzen dituztenean. Eta hori, historialari moduan ongi dakit, ez da erraza izaten! Zenbatetan entzun behar izan dut “historialaria zara? Uffff, Historia ikastea gorroto nuen, a ze txapa!”
Unibertsitatean Historia ikasten nengoela irakasle batek esandako hitzak gogoratu nituen liburuaren aurkezpena prestatzen nengoela: “historialariok gaur egun daukagun erronka garrantzitsuena da liburutegi saguaren irudia gainditzea eta esateko daukaguna gizarteratzea”. Horrekin konbentzituta nago, ikertu eta dibulgatu. Zein osasungarri, zein onuragarria den gizarte batentzat gai bakoitzean adituak direnak dibulgatzaile onak izatea! Horregatik guztiagatik, Martintxo eta Joseba, eskerrik asko!