Aldizka errepikatzen den mintzagaia da baieztapen hau, nazio eta estatu askotan gainera. Gurean, euskarak herri izaeraren gune nagusia berarentzat aldarrikatzen duenetan, berehala astintzen ditu identitate aniztasunaren defendatzaileen barrenak. Ezin dute eraman behin eta berriro, gero eta argiago, gero eta ausartago, herri honen hizkuntza nazionala eta berezkoa “lingua navarrorum” dela hainbeste jenderen ahotan entzutea. Korrika 19az ari naiz.
Irakurri berri dut “egia balitz hizkuntza dela nazioa, nazioen mapa eta hizkuntzen mapa berbera izango litzateke.” “Beraz, izenburuko baieztapen hori ez da zuzena”. Hona adibideak: “portugaldarren nazioa Portugal da, eta hizkuntza, portugesa. Bai, baina argentinarren nazioa Argentina da eta hizkuntza Espainola. Quebectarren nazioa Quebec da eta hizkuntza frantsesa. Valentziarren nazioa País Valenciá da, baina hizkuntza –eta gauza gehiago- partekatzen dute kataluniar eta mallorcarrekin.” Atera kontuak.
Nire aldetik onartzen dut, eta ados nago, nazioaren ezaugarri bakar eta soila ez dela hizkuntza (hortik, eta gauza gehiago partekatzea) baina bai, nagusiena edo nagusienetako bat. Hala ere, ziur zaudete País Valencía, Katalunia (principat) eta Mallorka hiru nazio ezberdin direla? Ez dituzue lotsagabeki nahasten Espainiar egitura administratiboko komunitate autonomoak eta nazioak? Nafarrak, Vascoak eta Iparraldekoak hiru nazio ezberdinetakoak gara?
Ziur zaudete, argentinarren eta quebectarren jatorrizko hizkuntza espainiera eta frantsesa direla hurrenez hurren? Espainol eta Frantsesak Ameriketara heldu aurretik bertakoek ez zuten hizkuntzarik? Gaztelania hizkuntza berantiarra bada (IX-X. mende inguruan sortua omen da gaztelania), zer hitz egiten zen Inperio espainiarrak menderatutako nazioetan?
Euskal Herria euskararen herria da eta bere estatua Nafar Errepublika. Ez iraganeko nostalgia, ez etorkizuneko ametsa, herri honen izaera naturala baizik. Adibideak mila jar daitezke; baina, egungo banaketa administratibo artifizialak gora-behera, euskara hizkuntza komuna izateak baieztatzen du nazio bakarreko herritar garela.