Nafarroako Unibertsitate Publikoak asteazken honetan, martxoaren 18an, emango dio Gervasio Sánchez argazki-kazetariari Giza Eskubideak sustatzeko Jaime Brunet Nazioarteko Saria. Ekitaldian Julio Lafuente errektorea izango da buru, eta bertan parte hartuko dute Nafarroako agintari nagusiak, arratsaldeko 18:30ean Errektoretzako eraikinean. Saria 36.000 eurokoa da.
Nazioarteko sariaren epaimahaiak nabarmendu du Gervasio Sánchezen lanak, "botere faktikoetatik erabateko independentziarekin" egindakoak, "gizakiak gerran erabiltzen duen ankerkeria" erakusten duela, baina ez hori bakarrik, "arrazoirik gabe biktima direnen giza eskubideen urraketa ere salatzen baitu, baita armak fabrikatzen dituzten herrialdeentzat zer nolako negozioa den ere".
Gainera, epaimahaiak azpimarratu du, hiru hamarkadatan egindako lan profesionalak "biktimen mina islatzen jakin duela, sarraskian ibilbide izugarri baten bidez, eta hausnarketa egiteko gonbita egiten digula bere etengabeko salaketa eta kritikarekin, biktimak duintzeko daukan sinesmen sendoarekin, gatazka armatuen aurrean jarrita, pertsonen duintasun eta giza eskubideenganako kezka gugan piztuz; izan ere, Jaime Bruneten giza jarrera ona ere inspiratu zuen izpiritu idealista, geldiezin eta kosmopolita bera.
Sariaren beste deialdi bat
Saria emateko ekitaldia Giza Eskubideak sustatzeko Jaime Brunet Nazioarteko Sariaren 2015eko deialdiaren irekierakin batera egokitu da. Sari honen helburua giza eskubideen defentsa sustatzea eta hedatzea da, eta ankerrak edo itsusgarriak diren egoerak eta tratuak desagerrarazten laguntzea, horiexek urratzen baitituzte pertsonaren duintasunari datxezkion eskubideak. Sariak lan zientifiko bat, literatura lan bat edo ikus-entzunezko lan bat edota giza eskubideak sustatzeko ibilbide bat saritzen du.
Hautagaitzak 2015eko irailaren 30a baino lehen aurkeztu behar dira Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Orokorrean, edo bestela posta elektronikoko helbide honetara bidali: fundacion.brunet@unavarra.es. Sari honen deialdiari buruzko informazio guztia Jaime Brunet Fundazioaren webgunean dago ikusgai.
Jaime Brunet Fundazioa Kultura Fundazio pribatua da, gizarte interesa eta izaera iraunkorra dituena, eta bere helburuak dira giza duintasuna, oinarrizko askatasunak eta giza eskubideak errespeta daitezen sustatzea eta, era berean, gizatasunik gabeko egoerak edo tratu iraingarriak errotik kentzea. Fundazioak helburu horietara bideraturiko jarduerak eta balio horien errespetuarekin loturiko azterketak sustatzen ditu.