Milaka eta milaka izan ginen larunbatean Bilbon elkartu ginenak. Haize zakarra eta euria izan genituen tarteka lagun, eta aldarri inportantea: etxerako bidea argitzen jarraitu behar dugu. Anomalia politikoa da oraindik orain, 2023an, euskal presoek eta iheslariek bizi duten egoera. Tantaz tanta, bide kolosala dugu oraindik aurretik. Baina, oztopo eta manipulazioen gainetik, bidea elkarrekin ere egiten ari gara.
Atzo aurkeztu zituen lotsaren eta inpunitatearen zenbakiak IVACek, torturaren inguruko datuak, zenbakiak, ikerketaren lehen ondorioak. Nafarroan 1068 kasu zenbatu dituzte. Aitortzaren bidean beste pauso bat. Izugarria den zenbakia, orain arte ikertu gabea, ahotsik eman gabea. Hezurretaraino sartzen den hotzikara kolektibo erraldoia. Hau ere aitortu behar da, erreparatu behar da. Praktika sistematiko eta anker honen inguruan egia jakiteko eta aitortzeko beharra badago.