Urte luzea izan da; atzera begiratzea bera zaila egiten da, “nebulosa” antzeko batean murgiltzen gaitu: noiz izan zen hori? Pandemian geunden edo ez? Noiz bukatu zen? Noiz arte ibil ginen aforo, ordutegi eta abarrekin? Noiz hasi zen Ukrainako gerra? Eta prezioak noiz igo ziren?
Ez da ariketa erraza memoria pixka bat egitea. Eta bai, urte hasieran hala geunden, eta gerora izan genituen suteak, bueltatu ziren festak (eta indarkeria matxista bere forma eta indar guztiz), itotzeko moduko uda izan genuen, munduan fitxa asko mugitu dira denbora gutxian. Batzuetan itxaropenerako arrazoiak izan ditugu eta beste askotan beldur izateko modukoak. Garai azkar hauetan zaila da abiadura honi jarraitzea, begiratzea, ulertu ahal izatea.
Nahasmenaren erdian bizitzea tokatu zaigu, eta hemendik eta hilabete bukaerara nola iritsiko garen ere ez dakigu; izan dadila 2023a helduleku berriak topatzeko garaia. Egin dezagun.