Negua iristen ari dela ematen du, baina oraindik eguzkiari begira ari gara, nola berotuko gaituen, zain-edo. Egunak nabarmen laburragoak dira dagoeneko eta ez da erraza onartzea negua hurbil dugula. Egunak laburrago eta saskiak handiago: hauek dira azkeneko egunak Errigorari eskaera egiteko. Ostegunean bukatzen da saskietako produktuen zerrendak kuxkuxeatzeko denbora, auzolanerako eta euskarari bultzada emateko zenbakiak egitekoa. Zenbat ematen ari naiz? Zenbat eman nahi dut? Nola egin ekarpena auzolanean? Nola aterako dugu eguzkia Ager eremuan? Zenbat ludoteka irekiko dira? Zenbat haurrek parte hartuko dute? Zenbat euskararen egun ari naiz landatzen? Zenbat futbol-partida irabaziko ditu Union Tuterak? Zenbat ikastolek jarraituko dute aurrera? Zenbat ikasle berri izanen ditu euskarak? Zenbat ekoizlek eginen dituzte euskara planak? Zenbat D ereduko lerro berri irekiko dira, edo ireki dira dagoeneko? Zein da auzolan honen emaitza?
Galdera batzuek erantzun zehatzak dituzte, beste batzuek ez. Gauza batzuk zenbagaitzak dira, mugagabeak, infinituraino luza daitezkeenak. Kontatu ezin den balio neurgaitza dute: hori da Errigora, hori da Agerraldia, ez besterik. Eta hori guztia aldi berean.