Luzerako doala ematen du. Betikotu ez dadin egin beharko genuke lan. Ez dakit zein kalkuluren arabera den hain merkea Nafarroan euskararen aurka aritzea. Edo bai: hamarkada luzetan zehar Erregimenak euskarafobia zabaldu, ahal bezainbeste hedatu eta beldur eta gezurrak zabaldu besterik ez ditugu egin. Estrategia zabal eta iraunkorra izan dute, badakitelako euskalduntzeak berak gezur horiek guztiak, beldur horiek guztiak desaktibatzen dituela. Euskara gorrotatzea erraza izanen da, euskara gertutik ezagutu arte. Ikusi arte ez dela ezer erortzen, amaitzen, suntsitzen, haru batzuk euskaraz ikasten hasten direnean. Ez dela mundua bukatzen.
Ez lukete hain gogor eginen, bestela, arrakala txikiak diren horiek ez irekitzeko: hor dugu Mendigorriko borroka. Ez gaitezen engaina: ez zaie komeni, eta PSNri ere ez zaio komeni ateak zabaltzea. Ez zaie komeni ipuina, gezurra, hankaz gora jartzen zaielako. Baina etsipena ez da aukera bat: hamaika Mendigorria, hamaika Andosilla eta hamaika Erriberri behar ditugu. Hamaika arrakala, ez dago besterik.