Baten batek esaten zuen bide guztiek Erromara eramaten dutela. Bide asko egonen dira, zuzenak edo zeharkakoak, helmuga diferenteak dituztenak. Nafarroan, bereziki, euskara ari da erdigunean kokatzen. Kolpeak eta kolpeak: hezkuntzaren eremuan oro har (PAIren inposizioa, D eredua ezin ezarria, kontseilari euskarafoboa, unibertsitatean dagoen euskararen presentzia urria, ia ezereza dena Lanbide Heziketan, haur eskolak...), komunikabideetan (ekonomikoki itotzeko arriskua), diskurtsoetan...
Autogorrotoa zabaltzen saiatzen ari dira, pertsona "normalen" izenean.
Mobilizazio garrantzitsua izan zen pasa den larunbatekoa, eta hitzordu garrantzitsua dugu apirilaren 2an Nafarroako Unibertsitate Publikoan.
Gurea dena ez diezagutela lapurtu. Hau ez da gurasoen, ikasleen, komunikabideen edo irakasleen kontua. Hau guztiona da. Eskuinak badaki euskarak gizarte justuago eta berdinzaleago bat eraikitzeko duen potentziala zein den. Horregatik zabaltzen du gorrotoa eta erabiltzen ditu bere esku dauden bide guztiak. Erabil ditzagun guk ere gureak: proiektuak, mobilizazioak, diskurtsoak eta beste batzuengana heltzeko anbizioa. Euskarak merezi du. Baina, batez ere, gizarteak eta gure lurrak merezi dute. Eraiki ditzagun bideak. Gu gara eta orain gara giltzak.