Hauteskundeen osteko zurrunbiloak ez dizkigu sentimendu gutxi ekarri. Tristura, poza, jakinmina, amorrua, damua, nostalgia, ardura, asmatu nahia... zurrunbiloan jarraituko dugu hurrengo asteetan ere. Eta, bitartean, agian, egunkarietako lehenengo orrialdeetan agertzen ez diren albisteak ditugu gurean; errealitatea zaplastekoka agertzen zaigu noizbehinka.
Izan ere, eta askotan ikusi eta sentitu dugun moduan, justizia jauregian injustiziak fabrikatzen jarraitzen dute. Orain, langile borrokak kriminalizatzen segitzen dute. Huerta de Peralta eta La Sangiovesa deitzen dira oraingoan.
Langileon eskubideen alde borrokatzeagatik, epaitegien erantzuna: kartzela-zigor eskaerak, kanporatze eskaerak. Jokoan egon daitezkeenak oso larriak dira: espetxea eta kanporatzea. Behar den guztietan jarraituko dugu kalera ateratzen. Haiengatik, gu guztiongatik.
Ostegunean, arratsaldeko 7etan, auzitegi parean izanen naiz beste ehunka lagunen ondoan. Eta zu?