Albert Riverak jaia ekarriko digu Altsasura. Beste behin ere, probokazioa maite dutenak etorriko dira, probokatzera. Eta ematen du festatik kanpo ez duela inork gelditu nahi, galde diezaiotela Santiago Abascali bestela. PP, Ciudadanos eta VOXek bisitatuko dute hilabete eskasetan herria.
Ideia asko ibiliko dira bueltaka eguna heltzen denerako. Igandean Nagorek haietako bat eman zuen egunkarian, eta ez zait txarra iruditzen. Probokazioari probokazioz; probokatzaileei umorez. Irainei horzka, dibertigarri. “Ongi etorri gure zirkura, eseri eta ongi portatu”.
Probokatzaileei, zirkua. Txarangak Espainiako ereserkia jotzen, Dino Altavez eta aldaketaren kontrako hooliganak, abortuaren kontrakoak, familia tradizional katolikoak, AHTren aldekoak, apaizak, enpresariak... Konfetiak, koheteak, koloreak eta festa. Parodia, makillajea eta welcome pankartak. Edonor deskolokatuta uzteko moduan. Probokazioari probokazioz.