0,7

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Lizaso 2015ko mai. 25a, 07:16

Egileak aldaketa oso gutxigatik lortu dela nabarmendu du, baita lorpena garantzi handikoa dela ere.

Hautes gauak zenbaki handiei erreparatzeko uneak izan ohi dira, lehen bistadizoan eginiko analisiak, eskainu kopuruak, partehartze ehunekoak, gehiengoak lortzeko probabilitateak... usadio zaharrak zioen hurrengo egunerako geratzen zela analisi sakona, hautes-ilotzaren autopsia egiteko, baina atzo zirrikiturik txikienean ere begiratu beharra zegoen, aldaketa errealitate izango zela ziurtatu nahi bazen.

Bere tradizioak horren sutsuki aldarrikatzen dituen Nafarroan ere zerbait aldatzen hasia da itxuraz. UPNk, orain arte dena bere menpean izan eta gero ez du inon gobernatuko, ez mendialdian, ez Iruñerrian, ez erdialdean ezta Erriberako hiriburuan ere. Aspaldiko partez emaitzarik kaskarrena pairatu du alderdi erregionalistak, filosofía navarrisimoa husten ari den seinale… eta, hala ere, ia-ia irribarrea ohoztu ziguten.

Bozen %0,7 gehiago. Horixe izan da Ciudadanosek behar zuena Parlamentuan ordezkaritza lortzeko. Zero eskainu izatetik bi lortzera arteko tarte txiki bezain erabakigarria. Geroa Baik eta PSNk eserleku bat lortzeko izandako lehia potoloak guztion atentzioa zentratu bazuen ere, benetako mamia Nafarroan inolako traszendentziarik ez duen alderdi nimiño baten atarian zegoen. Bai, bazirudien Geroa Baik PSNren oldarraldiari eutsiko ziola, baina kontaketak aurrera egin ahala Ciudadanosek bere botuen ehunekoan lortzen zuen urrats txiki bakoitzak piztiaren etorrera burrunbatsua iragartzen zigun. %2,1, %2,2, %2,3, %2,4, %2,5.  Une batez kontaketa portzentaiaren eta ehuneko madarikatuaren progresioaren arteko kalkuluak ere egiten hasi ginen, baina piztia urertzean hil zen. Onar dezagun halako arnas hots kolektibo bat entzun zela une horretan Nafarroa osoan. Gure etorkizuna Paños bezalako politiko baten eskuetan geratzea, emaztegaia jauntxoari prima notean hamaikagarrenez entregatu beharra baino latzago izan zitekeen. Agian Riverak foru sistemari buruz egindako adierazpenek ahalbidetu dute aldaketa.

A ze gaua! A ze amaiera! Orain ez dezala posta bidezko bozak dena izorratu, ezta azken orduko alderdikeri edo pertsonalismoek ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!