Lehen Hezkuntzako eskola baten alboan igaro nintzen aurrekoan. Lau heldu ikusi nituen patioko atetik irteten. Atea itxi eta zuzen-zuzen gurutzatu zuten beste aldeko espaloiraino, errepide erditik. Ez zuten hamar metrora zegoen zebra-bidea begiratu ere egin. Eskolatik atera eta zirkinik egin gabe jarri zuten oina errepidean. Harrituta geratu nintzen ni, parean begira. Eskola batetik batera irteten diren lau heldu, izan langile, guraso edo bestelakorik, eskola barruko umeentzat eredugarri baitira.
Laurak aldendu eta ni nire harridurarekin geratu nintzela, lagunak etorri zitzaizkidan gogora. Zenbatetan egin ote dute barre nitaz semaforoa berde jarri arte itxaroteagatik. Baina beti izan dira ados nirekin: umeak inguruan badira, zebra-bidetik eta semaforoa berde dagoenean. Umeak gizartean hazten diren herrian, denok beharko genuke eredugarri.