Harrotu egiten ninduen institutuan ikasle bollerak armairuetatik kanpo ikusteak pasabide iskinan. Harrotu egiten nintzen DBH lehen mailako ikasleekin matematika klasean maricón iraina ote den eztabaidan aritzean, marrazki bizidunen generoa eta sexualitatea klasean agertu zitzaizkigunean mintzagai. Harrotu egiten nau lehengusina nerabeek generoaz eta sexualitateaz zenbat dakiten konturatzeak. Egungo gazteek aniztasuna guk baino naturalago bizi dutela ikusteak.
Baina informazioarena ez da berez egiten den bidea, asko dira irainetatik onarpenera eman beharreko pausoak. Harrotzeko modukoa da Iruñerrian talde desberdinek egiten duten lana. Harrotzeko modukoa da gure inguruan lanerako eta borrokarako grina izatea. Eta harrotzen jarraitu nahi dugun honetan, harrotasuna %35 murriztu nahi digu Iruñeko Udalak. Harrotu beharko luke herri batek gazteei aniztasuna ulertu eta garatzeko espazioa eskaintzen dielako. Harrotu beharko luke latexezko barrerak non topatu duen herri batek. Herriak harrotu beharko luke hain beharrezko diren aholkularitza sexologiko eta juridikoa eskaintzen dituen zerbitzu bat izateaz. Eta Udalak ere harrotu beharko luke.
Harrotu beharrean, Harrotu LGTBI gunearen aurrekontua murriztu du Iruñeko Udalak. Nik ere egon nahiko nuke gaur arratsaldeko zazpietan Udaletxe Plazan, urteetan ezinbesteko lana egiten aritu den Harrotu horrek defendatzea merezi baitu. Gaur da etxea urrunegi sentitzen den egun horietako bat. Oihu egin ezin eta irrintzi egiteko beharra sentitu dut. Harrotu, Iruña, segi harrotzen.