Gonak institutuetan

Erabiltzailearen aurpegia Leire Alonso Allue 2020ko aza. 12a, 15:41

Sekula ez naiz gona jantzita joan institutura. Ez ikasle garaian eta ezta irakasle hasi nintzenean ere. Mozorrotuta sentitzen naiz gona jantzita, deseroso; eta ez naiz gai laneko arretari eusteko.

Bi aste igaro dira Mikel gona jantzita agertu zela Bilboko bere institutuan. Interneten ikusitako atzerriko ekimen feminista bat pizgarri izan zuen berezko gona janzteko gogoa gauzatzeko.

Ez naiz gai irudikatzeko zein gogorra izan daitekeen mutiko nerabe batentzat institutura gona jantzita joatea, genero binarismoa aspaldi arrakalatu duen ikaslea izanik ere. Ez naiz gai irudikatzeko zenbatekoa den begiraden pisua. Nolako oihartzuna duten barreek. Egun hartako gogorrena, baina, ez zen beste nerabe batzuen jokaera izan. Irakasle batek klasetik irteteko eskatu zion eta psikologoak, neska sentitzen ote zen galdetu ondoren, hoztu egingo zela esan zion. Taldeko gonadun neskei inork ez zien ezer esan.

Astebete igaro da Mikelen sareko salaketa biralizatu eta hamaika institututako mutil gazte taldetxoak gona jantzita joan zirela klasera. Hezkuntzako langileek zeharo erantzun desberdinak izan dituzte. Bada bere ikasleen ekimena harrotasunez zabaldu duenik. Eta bada hotza, koronabirusa eta garbitasuna aipatuz, gonarik berriro ez jartzeko agindu duen zuzendaritza talderik.

Sarri aipatzen da gazteek ordu gehiegi ematen dutela pantaila aurrean. Sarri aipatzen dira teknologia berrien erabilera arduragabea eta sare sozialen arriskuak. Agian maizago aipatu beharko genuke gazteen izaera irekiak eta ideia feministak zein LGTB+ inklusiboak bultzateko erreminta moduan ere erabiltzen dituztela. Agian maizago aipatu beharko genuke zenbatetan diren helduontzako eredugarri.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!