Turistatik biztanlera

Erabiltzailearen aurpegia Leire Alonso Allue 2020ko urr. 15a, 15:51

Egun ohikoa da alokairu kontratua ez edukitzea errolda zenbakiaren hiri berean. Biztanle zerrendei barre egiten die poltsikoko giltzen oihartzunak.

Denbora luzea hiri batean igarotzeak, baina, ez gaitu biztanle bilakatzen. Hiriko baldosek eusten duten kultura ikusteko gai ez dena ez da gai hiriaren paisaia ikusteko. Kale bazterrak bertako hizkuntzan ezagutu ez dituenak ez du lortu txokoen ñabardurak bere egiten. Ez da berdin ikusten hiri bat bi hizkuntza desberdinetan. Ez dira berdin ulertzen kaleak eusten dieten harrien historia jakin gabe.

Sarri ez da erraza turista izateari utzi eta biztanle bilakatzea. Erosoegia da gutxi-asko moldatzen garen hizkuntza handi batean aritzea. Eta badira hizkuntza txiki berri bat ikasten hasteko beldurrak eta lotsak ere. Ez da erraza bertako historiak helaraziko dizkizun norbait topatzea, bilatutakoa ezpada Historia Ofiziala® behintzat.

Bertakoek ere maiz izaten dute lotsa eta beldur nahasterik iritsi berriei euren hizkuntzan aritzeko. Bertakoek ere maiz izaten dute zailtasunik iritsi berriei turistei bezala begiratzeari utzi eta biztanleak topatzeko euren aurpegietan. Erosoegia da gutxi-asko moldatzen garen hizkuntza handi batean aritzea. Agian lotsa eta beldur nahasketek eraginda, agian erosoegia delako, hirietan turista kopurua areagotzen doa. Agian lotsa eta beldur nahasketek eraginda, agian erosoegia delako, hirien parte den gero eta jende gutxiagok egin du hiria bere parte.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!