Nolabaiteko egoneza sortzen digu aditzak. Beldurra ere bai, tarteka. Baina bada zeozer berezia norbere buruari galtzeko eskubidea eskaintzean.
Maite dut hiri berri batera iritsi eta, beste egitekorik gabe, bere kale eta zokoetan galtzera irtetea. Maite dut liburu bat hartu eta irakurketan galtzea. Maite dut ikaskizun berri bati heltzean galduta sentitzea. Maite dut denbora galtzeko astia eskaini ahal diodanean neure buruari.
Zuri, entzule, eskerrik asko. Azken minutu hau elkarrekin galdu dugulako.