Ikusgarritasuna etxe barruetan

Erabiltzailearen aurpegia Leire Alonso Allue 2020ko api. 30a, 16:42

Igandean izan zen ikusgarritasun lesbikoaren eguna. Aurtengoa, baina, ez da nahi bezain ikusgarria izan. Itxialdiak halabeharrez mututu du kalea, eta hura borroka eremu dutenei arma bat kendu die.

Aurten aldarrikapenak eremu pribatura mugatu dira, etxe barruen espazioetatik sare sozialen eta balkoietan jarritako bandera eta esaldien bidez saiatuaz oihartzuna lortzen. Baina ezin ukatu eremu pribatua eta ikusgarritasuna ez direla erabat bateragarri.

Aurten ez da izan koloretako banderetan bildutako gazte koadrillarik kalean. Ez da muxualdi kolektiborik izan, ezta ingurukoen irainetatik babestu beharra ere. Aurten lesbiana zaharrek ez dute “bere garaian ez bazala” dantza egin plaza erdian.

Eta bollerok ere ez dugu birpentsatu eta deseraikitzeko espaziorik izan. Ez dugu kolektiboaren barruan oraindik ere ikusgarritasuna eta ahotsa behar dutenak entzun eta geure burua pauso bat atzetik jartzeko aukerarik izan, euren babesleku. Lesbianona ere kolektibo anitza baita. Badira zakila duten lesbianak, lesbiana razializatuak, dibertsitate funtzionala duten lesbianak, lesbiana musulmanak, lesbiana ijitoak, lesbiana lodiak, lesbiana migratuak, armairuan dauden lesbianak. Geure borroka da kolektiboa denen babesleku bilakatzea, ikusgarritasuna arriskutsuegi denentzat bidea zabaltzea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!