Hondarra

Erabiltzailearen aurpegia Josetxo Azkona 2017ko eka. 14a, 19:05

Hondarra, Polinesiako hitz bat izan liteke. Baina, ez. Ezta pentsatu ere! Hondarra, jakina denez, euskara da. Eta beste hitz ugarirekin gertatzen den gisa, hitz polisemikoa da, eta ez… Polinesiakoa. 

Hondarrak, izan ere, esanahi bat baino gehiago du. Ikus dezagun, bada! Hondar hitza aditu orduko, hark, adibidez, hondartza batera garamatza, han non, hondar gainean etzanda, jendea baitago, eguzkia hartzen. Hor dugu, esanahi horretatik eratorrita hain xuxen, Hondarribia, Donostiako Ondarreta eta Ondarroa herria bera, leku horiek guztiak hondar xeheaz inguratutakoak. Beno, Ondarru izena ere bada, Karrikiriko lagun-adixkidea bera. Baina, Ondarru, justuki, beste  zakuko… hondarra da. Hondar-aleak ere badaude, ehundaka gainera, hondar-erlojuetan. Bestalde, hemendik gutxira, zera, hiru aste pasatxoren ondoren, zezenak aterako dira, nora eta Iruñeko zezen-plazako hondarrera. Bertan, arratsalde partean, algara eta giro zalapartatsuan, banaka-banaka hilko dituzte azkonaz, eztenkadaz  eta ezpataz. Beste alor batean, baratzeko lurrak buztina adina hondar behar du, hura emankorra izan dadin, baldin gerora tomate gozoak janen baditugu. Hondarrak, esandakoaz gain, zakar, hondakin, sastar, zabor, zarama edota soberatu dena ere esan nahi du. Aizu, zenbaitek zure etorkizuna igar dezakete kafe-hondarrei erreparatuta. Joandako batean, adibidez, jateko moduko arroz gustagarria atondu nuen, zer eta oilasko-haragi hondarrak probestuz. Beste hondar klase asko ere ageri dira hor barna, bai lurrean, bai ibaian eta bai itsasoan. Gaur egun, esate baterako, badira han-hemenka, begi-bistan zein ezkutuan, era bateko nahiz besteko hondarrak: alegia, plastiko, lata, zigarro-mutur, tetrabrik, beirak eta abar eta abar. Agidanez, plastikozko edalontzi edota botila batek 100 urtetik gorako aldia iragan behar du, haiek erabat desegin daitezen. Hondar-opari ederra ingurune eta gure begietarako, alafede. Hondoa eta hondarra sinonimoak dira, halaber. Atzeraka joanda, Titanik itsasontzi erraldoiak hondarra jo zuen bere lehenbiziko bidaian, izeberg baten kontra jo eta gero. Horren harira, galdera bat egitera ausartuko naiz, honako hauxe: eta, Abiadura edo Zerbitzu Handiko Trenaren auzia dela kausa, hondarra joko balute aldaketaren aldeko 4 partiduek eta haiek sostengatzen duten Nafarroako Gobernuak berak? Ez ote zen gertatuko orduan halako hondarra jotze ikaragarria gutartean? Azkenik, “azkena” ere esan nahi du hondar hitzak. Horregatik, esan dezakegu 2016-17ko irrati-aldiaren azken hondarrean gaudela jada,  gaurko “Hitzaren arabera” irrati-atala hondarrekoa baita. Eta hondar puntu honetaraino iritsita, gogora ekarri nahi dut hasieran esandakoa: zera, “hondarra” hitz Polinesikoa dela –barka, barka!, bigarrenez erratu dut-eta– esan nahi nuen, hondarra hitz polisemikoa dela, eta ez polinesikoa. Orain, bai. Orain, izan ere, ez dut hondarra jo… atal hondarrean. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!