Gora SFak… eta behera ere bai

Erabiltzailearen aurpegia Josetxo Azkona 2017ko eka. 7a, 19:54

Ai, Iruñeko SFak, norakorik gabeko mundu zoro honetako festarik onenak eta txarrenak, besta finenak zein amorragarrienak, funtsean, pesta edo jairik maitagarrienak eta nazkagarrienak. 

Hala da, nirekiko, bederen: edo haien alde edo haien kontra egotera behartzen zaituzte kasik SFek, hemengoa  izaki edo Kontxintxinakoa. Tira, hirugarren biderik urratu daitekeela uste duenik ere bada, halaber. Ai, oi, Iruñeko SFak, ongi zein gaizki pasatzearen espantu miragarrienak. Ni, esate baterako, kartel-margolaria banintz, honezkero amaituta izanen nuke ziurrenik, datorren urteko SFak promozionatzeko lehen saria irabaziko zuen festa-kartela, gorengo lan piktorikoa bera, han non irudi printzipala joan den larunbateko emazte txistorduna ageriko baitzen ezin nabarmenago, nola eta bere burua txistorra kolpeka –zezen aurrean korrikatzen, esan beharrik ez– eta Nafarroako banderaz hornituta, airera astinduz eta kapa modura jantzita, Delacroix pintore frantsesak margotuko eta izendatuko zuen bezala: “Nafar txistorrak herria gidatzen”. Ni, Joseba Asirón alkatea banitz, kezkaturik nengoke, kirioak galtzeraino, festa-hasmentarako doi-doi hilabete falta delarik, honenbestez hiriko zerbitzu publiko guztien makinaria behar bezala olioztatuta ote dagoen ala ez jakite aldera. Enrique Maya alkate ohia izatera, ordea, barrengo har batek tripak janda nengoke; aurten ezinen baita kalean jotak kantatzerik,  jakina denez, Asironen aginduz. Halaber, Maya alkate ohia banintz, hagitz haserre nengoke, baita Koreatik bertatik ere oinez ibiltzen datozen turista festazaleei Xabier Euzkitze bezain ongi euskaraz mintzatzen jakitea exijituko baitiete, irmoki gainera, haiek Iruñera sartuko badira;  jakina denez, Asironen aginduz. Ni, nerabea banitz, orain berean susmatuko nuke zer mutilekin edo neskarekin nenbilke muxuka eta zirrika uztailaren 6an edo 7an, non eta, su artifizialak amaitu ondotik, agian barraka gunean, agian Gaztelu Gibeleko bazter ilunetan egonda. Emakume feminista izatera, mezu batzuk prestaturik izanen nituzke matxismoari buru egiteko, SFak laborategi praktiko aparta baita, matxismoaren harropuzkeria zertan den begi bistan utzi eta hura salatzeko asmoz. Ni, bestalde, hiritargo-babeserako ardura nire esku balego, nola Iruñekoa hala Nafarrakoa, beldurrak airean nengoke pentsatze hutsarekin jihadista talde bat etor ote litekeen SFetara, Iruñean  sarraskia egiteko, SFek mundu globalean bereganatu duten oihartzun mediatikoa baliatu nahirik. Ni, egia esan, zeinen pozik nengoke Erraldoien Konpartsako kidea banitz, festa-segizio alai hori, beharbada, kutsatu, desitxuratu eta hondatu gabeko festa-adierazpenik ederrena delako. Nik, azkenik, beti-betiko Iruñeko super jatorra banintz, hau da, mega SFzale peto baino petoagoa, adibidez, Mutil Zaharrak elkartekoa izaki, bihotz pilpirak bizkortuta nituzke erabat, zeren eta, gaur, ekainak 7, eskailera eguna denez, afaria izanen bainuke koadrilako lagunekin nonbaiten, SFei begira, gure koadrila nola eratu litekeen zorioneko egun horietan, bai antolamenduz eta bai prestamenez. Baina, nola ni ez naizen deus ere arestian azaldu dudanetik, honako hau besterik ez dut esanen amaiera gisa: alegia, ai, Iruñeko SFak, norakorik gabeko mundu zoro honetako festarik onenak eta txarrenak, finenak eta amorragarrienak, jairik maitagarrienak zein nazkanteenak. Gora SFak… eta behera ere bai.   

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!