Beroa

Erabiltzailearen aurpegia Josetxo Azkona 2017ko eka. 1a, 17:50

Joandako igande arratsaldean, Bilbon, bero zegoen “Bizkaia” pilotalekuan. Bero harmailetan, eta are beroago, kantxan.

Igande berean zein aurreko egunetan, hain xuxen, arro baino arroago ibili zen hego-haizeak gutartean, eta horrek, noski, endemas handiagotu zuen bero-sentsazioa gure lurraldean. Aizue, udako egun beroetan geundela ematen zuen, sargori zakarraren menpe. Kantxan, Irribarria eta Bengoetxea, bi-biek xede bat baino ez zutela, alegia, frontoian bero-bero zegoen jendaurrean txapela janztea buruan. Eta gogo beroz aritu ziren biak, norgehiagoka, barruko zein kanpoko giro beroak bulkaturik. Esan dugu jada  bero handia egiten zuela frontoian. Bero zen Bilbo, eta Leitza ere bai, noski. Kolore berokoa zen gipuzkoarraren elastikoa, gorri kolorekoa. Nafarrarena, aitzik, urdina; hain kolore beroa ez zen, beraz. Pilotariak, nor den ere, gorria nahiago du urdina baino. Gorria, urdinaren aldera, kolore goria baita. Eta horregatik, huraxe hobesten dute txapeldunek gainerako koloreen gainetik: zera, gorriak berotasunaren gorena dakarrelako.  Ezin uka: Irribarriaren ezker zartako beroek edozein pilotariri ikara ematen diote, gehienbat hark bete-betean gozatzen duenean. Haren zartakoak hain dira gogorrak, hain potentzia handikoak, kontrarioa beroaz erdi itoan, erdi kiskalia uzten dutelako, agorrileko bero kiskalgarriak sugandilak berak ere beroaren beroz erretzen dituen gisa. Eta su eta gar, eta gar eta su, eta halaxe ibili zen Irribarria kolpe beroak banatzen partidan zehar. Hamar garren tantura arte, gutxi-gorabehera. Eta halatsu ere zegoen dirua. Izan ere, bero jokatu zuten zale askok faboritoaren alde. Lasterrean, baina, gauzak aldatu ziren, bero aldaketaren norabideak aginduta. Oinatz, odol berekoa izaki,  esan nahi dut, kartsua, pilota gogoz eta kemenez jotzen duten horietakoa, inoiz amore eman gabe ere, partidari buelta ematen hasi zitzaion  Ikerri. Leitzarrari kea zerion poro guztietatik, eta haren eskuek sua baino gehiago berotzen zuten, bai pilota, eta bai Iker ere. Azkenik, jakina denez, eta segidakoa esatea zilegi balekit, bizkarra bero-bero eginda atera zen Irribarria kantxatik, Leitzakoaren beroaldia jasota. Laburbilduz, zale gehienak, katedra eta dirua bero ziren Oinatzearen beroak eraginda. Azken tantoa amaitutakoan,  esku-zarta beroak eskaini zizkien publikoak bati eta besteari, azken hauek partida ezin beroago jokatzeagatik. Edonola ere, a zer ederki jokatu zuten bi pilotariek frontoiko hormen epelean, berotasun handikoa izan baitzen bien arteko lehia, berokeriarik gabe, betiere. Horregatik, Gure zorionik beroenak merezi dituzte biek. Bai, bai, berezko bero zegoen Bizkaia pilotalekuan, baina beroago zeuden nola Iker eta Oinatz, hala pilota zale guztiak. Musu, besarkada, zirri… eta agur bero bat entzule guztiei!

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!