Hori horrela, halako aldatze-lege sorta batek agintzen bide du guzti-guztian, nola agerikoan hala ezkutukoan. Naturaren gertakariak arautzen dituzten legeei jarraituz, urtaroak aldatu egiten dira beren kasa. Badira, esate baterako, haize, ilargi edota suge baten azalaren aldakuntzak. Aldatze horiek suertatzen dira, labur esanda, gai aldakorrak direlako. Jakina denez, aldaketa naturalak izan ezik, eragindakoak ere badira. Kasurako, hor dugu azken hamarraldiotako klima aldakuntza, gizakiak aldarazita. Geu ere aldagaiak gara, eta nola gainera! Hasieran, aizu!, zelula batzuk besterik ez gara. Gero, halako batean, jaio egiten gara. Eta gero hazi, garatu, helduarora iritsi eta, finean, dena ongi bidean, hil egiten gara, zahartzarora iritsita. Bai noski, bizia mudantza kate batek daka, eta hura luze edo motz izan daiteke, halabeharraren arabera, askotan. Hala, kanbiamendu anitz fortunatzen zaizkigu nahita eta nahi gabe ere. Aldaketok, emanak datozkigu, batzuetan. Eta bestetzuetan, aitzitik, geronek dakartzagu, hura hala gerta daitezen propio erabakitzen dugulako. Aldaketok desberdin bilakarazten dizkigute. Eskola, etxea, hizkuntza, jatorria, norberaren izena, hala nola kirol elkartea, kotxea, lantegia, elikagai modua, eta baita ideologia, janzkera, klase soziala eta sexu joera ere (sexua bera barne), besteak beste, mudatu ohi ditugu kontzienteki edo oharkabean. “Ai, gaztarotik hona anitz aldatu dira gauzak gutartean!” Ba, esaldi hori, edo horren antzeko bat, izanen da, ziurrenik, belaunaldi guztien halako adin bateko kide gehienek gehien-gehien errepikatzen duten esanetako bat. Eta halatsu, Konfuzioren edo Sokratesen garaitik gaur den egunera arte. Gizartea eta haren antolamenduak aldakorra dira, jakina. Eta gizarteak ilargiak bezala baditu, nolabait, bere aldarteak. Orain, adibidez, nafar askoren aldartea anitzez hobekiago da duela bi urte Nafarroan bizitzen zenaren aldera. Mudantza politiko bat eskatzen zuen sektore batek aspalditik, nazka eginda baitzegoen indarrean zegoenarekin. Eta bozka bidez eragin genuen aldakuntza, eta beste aldarte erakarri, aurrekoa baino atseginago eta hobekiagoa. Duda gabe, talka moduko bat suertatzen da beti, edo ia beti, aldatzaileen eta iraunarazleen artean. Hala, duela bi urte gertatutakoa txarrerako aldakuntza izan dela esaten dute, justuki, denak bere hartan segitu behar zuela nahi zutenek. Azken hauek, aski aldarte makurrekoak, egundokoak eta bost ari dira egiten aldaketaren aurreko egoera itzultzeko, espero bezala. Horiexek berek, hain xuxen, ekainaren 3an dute hitzordua Iruñeko kaleetan. Izan ere, “Hau ez da lehenago zena” horren aldekoak ilargia bezalakoxeak dira.Halere, ilargiaren beraren alderdi agerikoa bezain garbia da, justuki, haiek ezkutatzen duten beren alderdi edo asmo iluna, hau da, duela bi urteko aldakuntzari amaiera ematea, kosta ahala kosta. Nafarroako bandera dute aitzakia, aterpe eta aldarte…, edo erran behar genuke… e(z)tandarte?